Politika -

Fundazio berria

Iñigo Urkulluren fundazio europazalea sortu dute, eAtlantic

Lehendakaria izango da irabazi-asmo gabeko fundazioaren presidentea, eta Kutxabank, Iberdrola, BBVA eta Petronor konpainietako buruzagiak izango ditu patronatukide. Helburuen artean izango ditu Ardatz Atlantikoa bultzatzea eta Europan, estaturik gabeko nazioek ere ahots gehiago izatea.

Urkullu, Sabino Arana saria jasotzean, urtarrilean. Argazkia: Europa Press
Urkullu, Sabino Arana saria jasotzean, urtarrilean.
Urkullu, Sabino Arana saria jasotzean, urtarrilean. Argazkia: Europa Press

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eratua dago jada Iñigo Urkullu lehendakariaren (2012-2024) fundazio europazalea. eAtlantic deituko da, eta Urkullu bera izango da presidente. Harekin batera, bost pertsonak osatutako patronatua izango du fundazioak: Kutxabank, Iberdrola, BBVA eta Petronor konpainietako presidenteak, hurrenez hurren, Anton Arriola, Jose Ignacio Sanchez Galan, Carlos Torres eta Emiliano Lopez Achurra. Kepa Izagirre, Gasteizko Cuatrecasas abokatu bulegoko burua, idazkari izango da, ez, ordea, patronatukidea. Hasierako patronatu horrek lau urterako izendatu dute.

Irabazi-asmo gabeko fundazioa maiatzaren 9an, Europaren Egunean, aurkeztuko dute publikoki.

Hain justu, gaur kaleratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak fundazioaren sorrera eta EAEko fundazioen erregistroan inskripzioa.

Erakundeak bi helburu nagusi izango ditu: Europako Ardatz Atlantikoari bultzada ematea eta estaturik gabeko nazioek ere Europan ahots gehiago izatea. Zehatz jarrita, honakoak nabarmendu ditu Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak fundazioa sortzeko aginduan.

Batetik, "gizarte zibiletik, eta dauden lankidetzagune eta sareekin koordinatuta, Europako fatxada atlantikoko eragile publiko eta pribatuen arteko ulermena erraztuko duten dinamikak bultzatzea, ikuspegi eta ekintza partekatu baten inguruan, Giza Garapen Jasangarriarekin eta Nazio Batuek bultzatutako helburuekin konprometitutako espazio geografiko horren etorkizuneko oparotasuna bermatzeko; eta haren lehiakortasuna sustatzea, kapital teknologikoari, industrialari eta giza kapitalari dagokionez, haren garapen sozialari lagunduko dioten proiektu eta ekimen eraldatzaileak gauzatzeko, bai eta EBren agendan lurralde beharrizan eta espezifikotasunak egoki eta erabat txertatzeko ere".

Bestetik, "herritarrengandik hurbilen dauden erakunde mailen partehartzea sustatzea Europar Batasunaren gobernantzan, subsidiariotasun-printzipioan sakonduz. Partaidetza hori, gainera, funtsezkoa da politikak diseinatzean eta ezartzean lurraldeen berezitasunak kontuan har daitezen. Testuinguru horretan, helburua da Europar Batasunean (EB) maila anitzeko gobernantza eraginkor bati buruzko gogoeta, eztabaida eta ikerketa sustatzea; hori guztia, EBren balio demokratikoak nola indartu aztertuz eta eskualdeak behar bezala kokatzea erabakiz, estatu kideen eskualde autonomia errespetatuko duen eta EBren erabakiak geldiaraziko ez dituen maila anitzeko gobernantza eraginkor baterako adostasunak lortzeko eta proposamenak argitzeko".

Fundazioaren hastapenak sustatzeko 32.000 euro izango du Urkulluk.

Fundazio berri honek sortua izateko pauso eta izapidetze administratibo guztiak gainditu ditu. Hala, EAEko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordeak aldeko txostena eman zuen apirilaren 4an. Era berean, hilaren 7an, EAEko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iberdrola Iñigo Urkullu Kutxabank BBVA Europa Petronor Eguneko albisteak Albisteak