Politika -
Bonbardaketaren 88. Urteurrena
Gernikak Auschwitzekin harremana estutu du, eta Steer eta gudariak omendu ditu ekitaldien lehen egunean
Gainera, NBEk konfesio ezberdinetako buruzagi erlijiosoak bildu ditu Bizkaiko hiribilduan, eta ostiral honetan hainbat mahai-inguru egin dituzte adituekin.
EITB Media
Larunbat honetan, hilak 26, 88 urte beteko dira faxistek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenetik. Alemania naziaren Condor legioak azoka egunean burutu zuen erasoa, Italiako hegazkinek lagunduta.
Oroimenezko ekitaldi nagusia larunbat honetan izango da, baina gaur ere ekitaldi aipagarri batzuk izan dira, eta aurten, gainera, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) parte-hartzea izan dute.
Horrela, Oswiecimeko, Auschwitzeko kontzentrazio-eremua hartzen duen Poloniako hiriko, eta Gernikako alkateek lankidetza adierazpen bat sinatu dute gaur, aurrerago adiskidetze akordio bihurtuko dena.
Bonbardaketaren bezperan Gernikak gudariak ere omendu ditu. Horrela, foru hiribildua defendatu zuten gudarien lau batailoiei omenaldia egin diete.
Era berean, George Steer kazetariari omenaldia egin diote, hark eman baitzion munduari Gernikan gertatutakoaren berri. Lekuko zuzena izan zen, testigantzak jaso eta Erresuma Batuko Times egunkariko bere kroniketan kontatu zituen.
Lore-eskaintzan, Miguel Angel Moratinos Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzako (UNAOC) ordezkaria izan da, eta Gernikatik "bakearen aldeko" aldarria egin du.
Gainera, NBEk konfesio ezberdinetako buruzagi erlijiosoak bildu ditu gaur Gernikan. Frantzisko aita santuaren heriotzak markatutako topaketa izan da. Joseba Segura Bilboko gotzainak parte hartu du jardunaldietan. Bakea gizadiaren biziraupenerako "funtsezkoa" dela adierazi du eta, Frantzisko aita santua parafraseatuz, Gazan jazotakoa "ankerkeria" dela salatu du.
Ostiral honetan zehar, hainbat mahai-inguru egiten ari dira adituekin, horien artean 'Emakumeak buru: inklusioaren bidez bakea sustatzeko falta den pieza' izenekoa, Ana Redondo Berdintasun ministroaren hitzaldiarekin ireki dena.
Bakearen Nazioarteko Institutuak egindako azterlanen arabera, emakumeen parte-hartzeak % 20 areagotu egiten du bake akordio batek gutxienez bi urte irauteko probabilitatea, eta 15 urte irauteko % 35.
Hala ere, NBEren arabera, 2023an "negoziatzaileen % 9,6 baino ez ziren emakumeak, bitartekarien % 13,7 eta bake akordioak sinatu zituztenen % 26,6". Bost hizlariek emakumeen parte-hartzea aldarrikatu dute bake-prozesuetan.
Redondok Gernikako hiribilduaren "sinbolismoa" azpimarratu du: "bakearen eta bizikidetzaren garaipena gerraren eta gorrotoaren aurrean", eta egungo "indarkeria eta eskubideetan atzera egitearen" arriskuez ohartarazi du.
Ildo horretan, Gazan eta Ukrainan "nazioarteko erantzun sendo" baten falta deitoratu du, eta subiranotasuna eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzea aldarrikatu du.
Nazio Batuen Erakundea "izugarrikeriari erantzuteko" sortu zela gogorarazi ostean, "eskubideen atzerakadaren eta indarkeriak aurrera egitearen aurrean arrisku larriak" daudela esan du Berdintasun ministroak.
"Eutsiko al diote Nazio Batuek?", galdetu du Redondok, "gorrotoaren alternatibaz" ohartaraziz. Gainera, herrien eta herritarren arteko "bidea bakea bakarrik" dela defendatu du ministroak. "Elkarrizketa bakearen bidea da", berretsi du.