Politika -
Memoria historikoa
Lore eskaintza egin dute Gernikan duela 88 urte bonbardaketan hil zirenen alde
Bestalde, Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (Unaoc) bultzatutako "Bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko legezkotasunaren errespetuaren aldeko oihua" ekimena aurkeztu dute, eta Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko sariak banatu dituzte.
EITB Media
Bonbardaketaren biktimak izan ditu gogoan gaur Gernikak, 88. urteurrenaren kariaz. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte horretarako; ohiko sirena hotsa eta hildakoen omenezko lore eskaintza, tarteko.
15:45ean entzun da sirena herrian, orain dela 88 urte lehergailuek Gernika suntsitu zuten ordu berean. Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea arduratu da orduko egoera birsortzeaz.
Ondoren, eta euripean, Zalloko hilerrira zuzendu dira hildakoei lore eskaintza egitera. Erakunde ezberdinetako ordezkariak, biktimen senitartekoak eta bonbardaketatik bizirik atera ziren zenbait lagun bertaratu dira.
Gernikako alkate Jose Maria Gorroño, Jaurlaritzako lehendakariorde Ibone Bengoetxea, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Jose, Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe, Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari Marisol Garmendia eta Unaoceko goi-ordezkari Miguel Angel Moratinos izan dira erakundeetako ordezkarien artean.
Ekitaldian, Gernikaren "erabateko suntsiketa" ekarri dute gogora, eta Ukranian, Gazan nahiz "munduko beste toki batzuetan" bizi dituzten egoerak hartu dituzte ahotan, "gerren biktima diren milaka errugabe" daudela nabarmenduta.
Halaber, ohartarazi dute "gerraren deabruak eta zentzugabekeriak" ez dutela atsedenik hartzen, denborak aurrera egin arren "munduan jarraitzen dutelako, beldurra zabaltzen, jendea hiltzen eta herriak suntsitzen". Zentzu horretan, deitoratu dute "azkenaldian" armei eta militarizazioari buruzko "mezu kezkagarriak" entzun direla, "segurtasuna aitzakiatzat hartuta, eta izua zabaltzeko asmoz".
"Premiazko" deia gizateriari
Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (Unaoc) bultzatutako 'Bakearen, gerren amaieraren eta nazioarteko legezkotasunaren errespetuaren aldeko oihua' ekimenaren aurkezpena egin dute larunbat honetan Gernikan.
Ekimenaren xedea da gizateriari "premiazko" deia egitea "historia hurbilean nagusitu den indarkeriaren eta suntsiketaren gurpil zoroari" amaiera emateko. Proiektu honek jarraipena izango du Sarajevo edo Nagasaki bezalako hiri bonbardatuetan.
Bizkaiko Foru Hiribilduaren 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren harira (aurten 88 urte beteko dira) urtero egiten diren oroitzapen-ekitaldien barruan aurkeztu da egitasmoa. Bakearen aldeko Erlijioek, Unaoc-ek eta Gernika-Lumoko Udalak antolatu dute eta politika eta erlijio arloko ordezkariek parte hartu dute ekimenean, baita artearen eta kirolaren mundukoek ere. Miguel Angel Moratinos Unaoceko goi-ordezkariak gidatu du ekitaldia.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia parte hartzekoa bazen ere, azkenean ezin izan du bertan izan, gaixotasunagatik.
Aurkezpenean aita santu zendu berriaren omenez minutu bateko isilunea egin dute, eta "egunero itxaropen-argia piztearen" aldeko apustua egin du Miguel Angel Moratinosek. "Hitz egitea beharrezkoa da etorkizunean Gernikan gertatutakoren antzerakorik errepikatu ez dadin. Etsipenezkoa baino, itxaropenezko oihua da igorri behar dena", azpimarratu du, eta XXI. mendea "betiko bakea "ekarriko duena izatearen itxaropena agertu du.
Moratinosek azpimarratu duenez, "gerra ez da artea, itsutasuna baizik", eta, iragarri duenez, Unaocek dekalogo bat aurkeztuko du aurki, "bakearen alde lan egiten jarraitzeko" gida gisa. "Gerrei ez, bakeari bai" esanez amaitu du hitzaldia.
Bestalde, Francis Kuria Religions for Peaceko idazkari nagusiak nabarmendu du bakea "ahalik eta mailarik gorenean" lortu behar dela, eta larunbat honetan aurkeztutako ekimena "hasiera" baino ez dela uste du: "suntsipenaren gainean arrakasta izateko mugimendua".
Eusko Jaurlaritzatik, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak gerrak dakarren "izugarrikeria" salatu du, eta Euskadik iraganean "indarkeria eta terrorismoa" pairatu dituela gogorarazi du. "Bakearen kulturarekin dugun konpromisoa irmoa da (...); Gernikako Arbolaren itzalean batu ditzagun justizia eta kultura, eta adlarrikatu dezagun gerra guztien amaiera", gaineratu du.
Bestalde, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak ere Gernikako bonbardaketa gogoratu du, eta faxismoak "bere proiektu totalitarioa inposatzeko" erabilitako "metodoak" salatu ditu. "Gure demokraziaren zutabeak higatu nahi dituzten gorroto-mezuak eta aukera politikoak ugaritzen ari diren honetan, begira diezaiogun iraganari eta altxa dezagun ahotsa. Bide hori egina dugu dagoeneko eta badakigu proiektu totalitarioek nora garamatzaten: oinazera, sufrimendura eta haustura sozialera", baieztatu du.
Gainera, Kid 's Gernika GKEak antolatutako ekitaldi bat izan da Juntetxean. Bertan, Hiroshiman (Japonia) bonba atomikoa jaurti ondoren berreskuratutako biolin batekin hainbat musika pieza interpretatu dira.
Imanol Pradales lehendakariak Linkedineko profilean jarri duen mezu batean azpimarratu duenez, "hamarkadak igaro diren arren, autoritarismoaren -forma eta mozorro berriekin- eta demokraziaren arteko talkak gaurkotasun osoa izaten jarraitzen du", eta gogorarazi duenez, "tamalez, bakea, askatasuna, tolerantzia eta giza duintasuna bezalako printzipioak irmotasunez defendatzen jarraitu behar dugu. Oraindik ere, giza eskubide oinarrizkoenak urratu egiten direlako".
Azpimarratu duenez, betebeharra da "memoria lantzea eta hurrengo belaunaldiei helaraztea, gertatutakoa ahaztu edo desitxuratu ez dadin. Hura inoiz ere ez errepikatzeko, eta biktimei zor diegun aitortza betirako gordetzeko".
Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Sariak
Gernikako Jai Alai Frontoian banatu dira larunbat honetan Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Sariak. Aurten Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak (ezin izan du saria pertsonalki jaso, Vatikanoko Frantzisko aita santuaren hiletara joan baita) eta Argentinako Auzitegi Antropologiako Taldeak (EAAF) jaso dute saria.
Mercedes Salado EAAFko zuzendariak bere hitzaldian errepresioaren eta "mugen itxiera maltzurraren" biktimak gogoratu ditu, eta azpimarratu du egia jakiteko eskubidea "inoiz ez zela ukatu behar".
Moratinosek jaso du Guterresen izenean saria, eta Portugalgo lehen ministro izandakoaren hainbat aipamen irakurri ditu, bakea "gizateria osoarentzako sari gorena" dela aldarrikatzen zutenak, besteak beste.
Bestalde, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak (gaztelera hutsean egindako hitzatzean) Italiari eskatu dio "bonbardaketa lazgarrian" parte hartu izana aitortzeko eta "bere ekintzen erantzukizuna bere gain hartzeko".
Halaber, 1937an "hil zirenen omenez ahotsa altxatzea" eskatu du, "z dadin ahaztu, ez dadin errepikatu".
Gernika Sariak 2025ean sortu ziren, eta azken urteetan Uruguaiko presidente ohi Jose Mujica eta Bakearen aldeko Nobel saridun Adolfo Perez Esquivel izan dira sarituen artean.