Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
La Cumbre jauregia Donostiako Udalaren esku ahalik eta azkarren uzteko eskatu du udalbatzak
EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Donostiak Espainiako Gobernuari eskatu diote ahalik eta azkarren egin ditzala jauregia udalaren esku uzteko izapideak. PPk, ordea, aurka bozkatu du.
AGENTZIAK | EITB Media
Donostiako Udaleko udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatu dio azkartu ditzala Aieteko La Cumbre jauregia udalaren esku uzteko izapideak.
Orain arte Donostiako Udalak aurrerapausoak eman dituen arren, jauregiaren jabetza-aldaketa ez da oraindik gauzatu. Gaurko osoko bilkuran, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Donostia udal taldeek mozio bat onartu dute, eraikina lehenbailehen eskualda dezaten.
2022ko Memoria Demokratikoaren legeak jaso zuen La Cumbre Jauregia Donostiako Udalaren esku uztea, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioaren ondoren.
La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzeko proiektua du Donostiako Udalak. Eraikin horretan Lasa eta Zabala oroitzeko gune bat ere sortzea aurreikusten du, izan ere, bertan torturatu zituen Guardia Zibilak, hil eta Alacanten lurperatu aurretik.
Gaurko osoko bilkuran izan dira Axun Lasa —Joxean Zabala zenaren arreba— eta Pili Zabala —Joxi Zabala zenaren arreba— senideak.
PP izan da eskualdatzearen aurka agertu den alderdi bakarra, La Cumbre jauregiaren lagapena Pedro Sanchezen gobernuaren eta EH Bilduren arteko negoziazioaren ondorio dela argudiatuta.