Politika -
Lehendakariaren gogoeta
Segurtasun integrala sendotzeko apustua egin du lehendakariak, ildo horretan urratsak emanez
"Autogobernua lan-tresna eraginkorra da horretarako", esan du. "Inteligentziaz eta arduraz baliatu gara horretaz, aurre egin behar izan diegun gertakariei eta larrialdiei erantzuteko, baina berritu eta zabaldu beharrean gaude", erantsi du.
EITB MEDIA
Iragan asteleheneko itzalaldiaren ondotik, eta azken urteetan bizi izan ditugun egoeren aurren, Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu du "gure segurtasun integrala sendotu beharrean" gaudela, "herri bezala gogoeta sakon bat eginez".
Linkedin sare sozialaren bidez egin du hausnarketa. "Autogobernua lan-tresna eraginkorra da horretarako", esan du. "Inteligentziaz eta arduraz baliatu gara horretaz, aurre egin behar izan diegun gertakariei eta larrialdiei erantzuteko, baina berritu eta zabaldu beharrean gaude", erantsi du.
Erkidego sena iparrorratz, "zaurgarriak eta ahulak garela gogoratzen digute bizitako egoerek", azpimarratu du, "batuta gaudenean" askoz gogorragoak garela iritzita.
Pradalesek uste du kontzientzia indibidual eta kolektiboa landu eta elkar zaindu behar dugula, "zaurgarritasun eza existitzen ez delako, eta arretaz jokatzen duen herrialde batek konfiantzazko bizi proiektu bat gara dezakeelako".
"Zoritxarrez, ez da lehenengo aldia izan. Itzalaldia ez ezik, beste hainbat pasarte konplexu bizi izan ditugu azken urteotan: pandemia, hornigai katearen blokeoa, energia krisia, erdieroaleen krisia, nazioarteko merkataritzaren gorabeherak, muturreko klima egoerak...".
Halaber, gaineratu du, "asteleheneko itzalaldiak areagotu egin du gure segurtasun integrala indartzeko beharra". "Kontua ez da arduratzea, ardura hartzea baizik. Pauso ausartak eman behar ditugu ildo horretan, eta bizitako esperientziatik ikasi behar dugu. Hasiera batean, segurtasun poliziala edo defentsa militarra izan ditzakegu buruan, baina fokua zabaldu behar dugu, eta zentzu zabalagoan ulertu, alegia, segurtasun energetikoa, teknologikoa, klimatikoa... izan behar ditugu gogoan".
Helburu horrekin, lehendakariaren iritziz, garrantzitsua da Europa batuta egotea, potentzia handien aurrean (AEB, Txina edo India) "bere autonomia estrategikoa berma dezan".
"Europa da gure apustua. Euskadin argi dugu, Europako Batzordeak proposatutako estrategia sendotzen duten trikimailuen alde egingo dugu. Dagoeneko hasi gara horri bide emango dioten politikak eta planak diseinatzen, Clean Industrial Deal delakoa kasu", bukatu du.