Politika -
Espainiako monarkia
Juan Carlos I.a errege emeritua delitu fiskalengatik ikertzea errefusatu du Auzitegi Gorenak
Salaketak zioen errege emerituak bost zerga-delitu egin zituela aitortu gabeko errentekin eta dohaintzekin lotuta, Zagatka eta Lucum fundazioen bidez, besteak beste.
Agentziak | EITB Media
Auzitegi Gorenak atzera bota du legelari talde batek Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren aurka jarritako kereila, Ogasun Publikoaren aurkako delituak egin omen zituelako. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak delitu horiek artxibatzea erabaki zuen bere garaian.
Bigarren Aretoaren ebazpenean, Manuel Marchena magistratu presidenteak ikerbidea artxibatzea erabaki du, Fiskaltzaren irizpidearekin bat etorriz, uste baitu gertakariak ez direla penalak, preskribatuta daudela edo dagoeneko zergaz erregularizatu direla.
Salaketak zioen errege emerituak bost zerga-delitu egin zituela aitortu gabeko errentekin eta dohaintzekin lotuta, Zagatka eta Lucum fundazioen bidez, besteak beste.
Salatzaileek defendatzen zuten egindako zerga-erregularizazioek ez zituztela betetzen erantzukizun penala salbuesteko baldintzak, eta delituak ez zirela preskribatu, atzerrian egitura opakoak erabiltzeak ekintzak larriagotu zituelako.
Hala ere, Auzitegi Gorenak onartu egen du Ministerio Fiskalaren irizpidea, salaketa onartzearen aurkakoa, eta adierazten du ikertutako gertakariak Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak artxibatu zituela jada, eta aurkeztutako salaketak ez duela datu, froga edo agiri berririk aurkezten ikerketa berriro zabaltzea justifikatzeko.
Manuel Marchena (presidentea), Andres Palomo, Ana Maria Ferrer, Vicente Magro eta Javier Hernandez magistratuek osatu dute epaimahaia.