Politika -
Osakidetza
EH Bildu kezkatuta dago Osasun Itunean "pribatizazioari ateak ixteko" dauden "erresistentziak" direla eta
Rebeka Ubera koalizio subiranistaren legebiltzarkideak nabarmendu duenez, eragileek adostasun "minimo" batzuk lortu dituzte, baina ohartarazi du "ezerezean" gera daitezkeela pribatizazioaren eztabaidari heltzen ez bazaio. Zentzu horretan, Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du.
Agencias | EITB MEDIA
Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak kezka azaldu du Osasun Itunaren Mahaian eragileek lortutako "elkargune minimoak ezerezean" gera daitezkeela-eta. Izan ere, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak "erresistentzia nabarmenak" erakutsi ditu Osakidetzaren izaera publikoa aldarrikatzeko eta "pribatizazioari ateak ixteko".
Uberak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Osasun Itunaren Mahaiaren hurrengo bileraren bezperan. Eztabaida zein puntutan dagoen argitu nahi izan du, balorazioa eginez.
Nabarmendu duenez, mahaian parte hartzen duten eragileak adostasun "minimo batzuk" lortzen saiatzen ari dira, "elkargune minimo batzuk" ixten. Horren esanetan, eztabaida "aberasgarria" izaten ari da, eta erantsi du EH Bildu "azken minutura arte" saiatuko dela ituna lortzen.
Dena dela, gogora ekarri du mahai horrek, adostutakoak paperean jasotzeaz harago, ez duela berez Osasun Sistema Publikoa eraldatzeko gaitasunik. "Inplementazio praktikoa, hartzen diren neurriak dira garrantzitsuena", azaldu du, eta azpimarratu "hitzetatik ekintzetara pasatzea Jaurlaritzaren erantzukizun esklusiboa dela".
Horren harira, argitu du eztabaidan zehar "hainbat korapilo" azalarazi direla, eta horietan "potoloenetakoa" Osakidetzaren "pribatizazioari ateak ixtea" izan dela. "Jaurlaritzaren aldetik erresistentziak nabarmenak izan dira", salatu du.
Hala, ohartarazi duenez, gai honetan "ezin gaitezke baikorrak izan".
Azkenik, Uberak eragileen lana goraipatu du, kolektibo batzuk "korporatibismoz" ari direla kritikatu duen arren.