Politika -

Itzalaldia

Itzalaldia izan eta astebetera, Espainiako Gobernuak ez du hipotesirik baztertzen, tartean zibererasoarena

Espainiako Exekutiboko iturriek azaldu dutenez, itzalaldiaren arrazoiak argitzeko aurrera eramaten ari diren ikerketak hiru eta sei hilabete arteko iraupena izango du.

Itzalaldia. Artxiboko argazkia: EFE
Itzalaldia. Artxiboko argazkia: EFE
Itzalaldia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroak gaur adierazi duenez, itzalaldiaren inguruko ikerketaren bide guztiak zabalik daude, eta Espainiako Gobernuak ez du ildo bat bera ere baztertzen, balizko zibereraso bat barne.

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak ere adierazi du "arduragabekeria" litzatekeela oraingoz zibererasoa baztertzea.

"Red Electricak bere dispositiboei buruz hitz egin dezake, baina Red Electricak ez du gure herri osoko kontrol-zentroetan gertatu denaren gaineko eskumenik; beraz, zuhurtasuna ere eskatzen dut (...) Baina arduragabekeria da esatea ez dagoela zibererasorik, kontrol-zentroak Red Electricaren mende ez daudenean. Baieztapen hori egiteak, jakina, ez du zuhurtasun-printzipioak gidatzen", berretsi du Diazek.

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordea. Argazkia: EFE

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordea. Argazkia: EFE

Lopezek gaineratu du Estatuaren baliabide guztiekin buru-belarri dabiltzala ikerketa muineraino iritsi ahal izateko, Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen bezala, eta egia osoa ezagutzeko.

Horren ildotik, Espainiako Gobernuak uste du itzalaldiaren arrazoiak argitzeko egiten ari den ikerketak hiru eta sei hilabete arteko iraupena izango duela, Exekutiboko iturriek adierazi dutenez.

Gertakariari buruzko ondorioak aurkezteko Europako Batzordeak hartuko duen denbora tartearen antzekoa da; izan ere, urte erdiko epea eman zitzaion Espainiari txostena prest izateko.

Sara Aagesen Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordea. Argazkia: EFE

Sara Aagesen Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordea. Argazkia: EFE

Interkonexioak bultzatzea

Bestalde, Sara Aagesen hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak uko egin dio espekulazioak egiteari, eta ziurtatu du sistema elektrikoa bai segurtasunean, bai zibersegurtasunean eta sistema digitaletan sendoagoa dela orain.

Senatuan egindako osoko bilkuran, Aagesenek berretsi du lehenik eta behin itzalaladiaren arrazoiak identifikatu behar direla, ondoren erantzukizunak zehazteko, eta Frantziarekiko interkonexioak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, sistema elektriko sendoagoa lortzeko.

Horren harira, ministroak azaldu duenez, interkonexioak "beti izan dira lehentasuna" Gobernuarentzat, Frantziarekin, Portugalekin eta Europako Batzordearekin "lehenbailehen iristeko" lanean ari baita.

Apirilaren 28ko itzalaldiari dagokionez, Aagesenek argindarra "denbora errekorrean" berrezartzeko lanak azpimarratu ditu. Orain, arreta arrazoiak identifikatzean, isolatzean eta ez errepikatzeko "beharrezko neurri" guztiak jartzean dago.

Ministroak hitz egiteko txandak baliatu ditu Voxeko eta PPko senatariei "arduragabekeria" aurpegiratzeko. "Izugarri arduragabea iruditzen zait zuek arrazoiak dakizkizuela eta irtenbideak eman ditzazuela uste izatea, gaian adituak direnek ere ez dakizkitenean", esan du.

Europako Batzordea: "Berriztagarriengatik dela pentsatzeko arrazoirik ez dago"

Azkenik, Dan Jørgensen Europako Energia komisarioak zoriondu egin ditu gaur Espainia eta Portugal itzalaldi masiboaren kudeaketagatik, eta adierazi du ez dagoela "arrazoirik" ikusten horniduraren etena berriztagarriekin lotzeko.

Komisarioak adierazi duenez, "goizegi da arrazoiak zeintzuk izan ziren zehazteko", eta gertatutakoa ulertzeko egingo diren ikerketen bidez gehiago jakitea espero duela erantsi du. Nolanahi ere, "berriztagarriengatik dela pentsatzeko arrazoirik ez dago", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Portugal Elektrizitatea