Politika -

ITZALALDIA

Sanchezek esan du itzalaldia energia nuklearraren eztabaidarekin lotzea "manipulazio izugarri handia" dela

Apirilaren 28an sare elektrikoan zer gertatu zen argitzea da Espainiako Gobernuaren "lehentasuna, berriro gerta ez dadin". Berriztagarrien aldeko bere apustua argi utzi du presidenteak, eta autonomia energetikoa lortzeko lanean ari direla nabarmendu.

Pedro Sanchez, gaur, Kongresuan. Argazkia: EITB Media
Pedro Sanchez, gaur, Kongresuan. Argazkia: EITB Media
Itzalaldia eztabaida nuklearrarekin lotzea ''manipulazio izugarri handia'' dela adierazi du Pedro Sanchezek

1:02

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur-gaurkoz, ez dago ebidentzia zientifikorik joan den asteko itzalaldia gehiegizko energia berriztagarriarekin edota nuklear ezarekin lotzeko. Argindarraren etena bi energia mota horiekin lotzea arduragabea eta manipulazio izugarri handia da.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esandakoa da hori, Kongresuan itzalaldiari buruzko azalpenak emateko egin duen agerraldian. Apirilaren 28an gertatutakoaren kontakizun xehe bat egin ondoren, mezu bat helarazi die herritarrei: "Ez fidatu gaia berriztagarriekin edo nuklearrekin lotu nahi dutenekin. Ez da hala", esan du.

Buruzagi sozialistak nabarmendu du zer eta zergatik gertatu zen argitzea dela lehentasuna, "berriro gerta ez dadin". Arrazoi zehatzak ezagutu nahi dituzte, "ardurak hartu eta exijitzeko".

Zentzu horretan, denbora eskatu du, teknikoek ikerketa behar bezala egin dezaten. "Gobernuaren ardura da denbora hori ematea adituei". Halaber, denbora hori "zarata ateratzeko" ez erabiltzea galdegin du.

Hainbat datu ere eman ditu agerraldian zehar. Besteak beste, azaldu du aztertu egin behar direla Estatuko argindar sistema osoko 4.200 plantek itzalaldia izan zen egunean, 12:15etik 12:35era, igorritako 756 milioi datuak, arazoaren sorburura jotzeko.

Horiek esanda, ziurtatu du "sistema elektrikoa hobetzeko eta are fidagarriagoa izateko" erabiliko duela Gobernuak gertatutakoa.

Gaiaren inguruan PPk eta Voxek izandako jarrera ere gogor kritikatu du, "datuak exijitzen" ari diren bitartean, "konponbideak" mahai gainean jartzen ari direlako.  "Pontifikatzen, daturik eta probarik aurkeztu gabe", erantsi du.

Berriztagarrien aldeko bere apustua argi utzi du, eta autonomia energetikoa lortzeko lanean ari direla nabarmendu. Hala, Espainiako Gobernuak 2018tik martxan duen trantsizio energetikorako planari bere horretan eusteko konpromisoa agertu du. "Bide-orria ez dugu milimetro bat ere aldatuko".

Bere hitzetan, "energia berriztagarrietan oinarritutako plana" da Espainiarentzako "eredu onena", industria sektoreak "modernizatzeko" eta "bere onera etortzeko" eta "ingurugiro hondamendia" ekiditeko.

Segurtasun eta defentsa plana

Espainiako Gobernuak berriki onartu duen defentsa eta segurtasun plana ere izan du mintzagai. Adierazi du plan horrek balioko duela, batetik, "Europak parez pare dituen mehatxuen" aurrean bere burua babesteko, eta, bestetik, "Espainiaren interesak eta Gobernu aurrerakoiaren printzipioak defendatzeko".

Berretsi du defendatsarako gastua handitzeak ez duela gastu soziala murriztuko. "Era berean, ez dugu euro bakar bat ere kenduko diplomazian eta garapenean egindako inbertsioetatik", zehaztu du.

EH Bildu

Bere txandan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko eledunak Sanchezi eskatu dio itzalaldiaren arrazoiak ikertu eta erantzukizunak argitu daitezela. Informazio guztia eskura izanda, "egitateetan oinarritutako eztabaida" zabaltzearen alde egin du.

Iragarri du Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Batzordean azpibatzorde bat sortzea proposatuko dutela, egungo sare elektrikoaren egoera aztertzeko eta aurrera begirako erabakiak hartzeko, adituen laguntzarekin.

itzalaldiaKoalizio subiranistak nuklearren aurrean duen jarrera argi utzi du: "Nuklearrak ez dira konponbidea, lobbyek mezu hori zabaltzeko aprobetxatu badute ere. Guk trantsizio energetiko bidezko eta ordenatuaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu. Itzalaldiak agerian utzi du gure menpekotasuna, eta, horregatik, burujabetasun energetikoaren alde egiten jarraituko dugu. Berriztagarriek bermatzen dute etorkizun segurua eta garbia".

Defentsarako gastuari buruz, berriz, azpimarratu du ez dutela neurri hori babestuko. "Guk diplomazia, bakea eta elkarrizketa babesten ditugu". 

EAJ

Bere aldetik, Maribel Vaquero EAJren bozeramaileak ere ikerketa independente eta gardena eskatu du itzalaldia argitzeko. Uste du eztabaida ezin dela izan "berriztagarriak edo nuklearrak". "Horrek zarata besterik ez du sortzen eta ez du irtenbiderik ematen". 

Diputatu jeltzalearen hitzetan, EAJk berriztagarrien aldeko apustu irmoari eutsiko dio. "Gaur behar duguna da hainbat iturriren arteko konbinazioa, hornidura sareari segurtasuna emateko".

Segurtasunera bideratuko den gastuari buruz, azaldu du horrek ez duela ekarri behar "beharrezkoak" diren beste partida batzuk murriztea. EAJ bat dator defentsarako gastua handitzearekin, baina zehaztasunak jakin nahi ditu; hau da, nola finantzatuko den ezagutu nahi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak