Politika -

ITZALALDIA

SOS Deiak zerbitzuaren ohiko jarduera hirukoiztu egin zen itzalaldiaren ordurik zailenetan

12:00etatik 19:00etara Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuen telefonoak ohi baino hiru bider gehiagotan jo zuen. Guztira, itzalaldiaren egunean eta biharamunean 16.000 jarduera baino gehiago erregistratu ziren.

eitb media
eitb media
eitb media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Larrialdi Sistemak 16.000 jarduera baino gehiago erregistratu zituen itzalaldiaren egunean eta biharamunean, SOS Deiak, Osakidetza, lurraldeetako eta hiriburuetako suhiltzaileak, Ertzaintza, Trafikoa kudeatzeko zentroa eta errepideak kontutan hartuta (Udaltzaingoak batu barik). Ordurik gogorrenetan, apirilaren 28ko 12:00etatik 19:00etara, SOS Deiak zerbitzuaren ohiko jarduera hirukoiztu egin zen. 4.000 dei baino gehiago jaso ziren tarte horretan.

Datuok eman ditu Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian, bertan izan baita Euskadiko Segurtasun Publikoaren Egoerari buruzko 2024 Txostena aurkezten. Horren esanetan, hiri eremuetan izan ziren itzalaldiaren ondorioz gertatutako intzidentzia nagusiak, erreskateei lotutakoak.

Astebete baino gehiago pasa da Iberiar penintsula osoa (Espainiako Estatua eta Portugal) hartu zuen itzalalditik, eta oraindik gertatutakoa argitzeko badago ere, Espainiako Gobernuak ez du hipotesirik baztertzen, tartean zibererasoarena.

Sailburuak bere hitzaldian adierazi duenez, bere "Sailarentzat gizartearen bizi-funtzioak ziurtatzea da Segurtasuna", eta hori bi zeregin nagusiren bidez gauzatzen da, bere ustez: "prestakuntza eta erantzuna".

Hala, azpimarratu du apirilaren 28ko itzalaldiak segurtasuna fokopean jarri zuela, "Segurtasuna bere ikuspegi zabalenetik begiratuta: larrialdiak, lan asistentziala, babes zibila, zaintza, herritarren polizia-babesa eta herritarren segurtasun osoa".

Zupiriak agerrialdian adierazi du "Euskadik erantzun berehalakoa, sendoa eta eraginkorra" eman ziola krisialdiari, eta berretsi duenez "ustekabeko egoera zail baten aurrean erakundeen arteko lankidetza, koordinazioa eta konfiantza" izan direla ardatz, euskal gizarteari zerbitzua emateko.

Gauzak horrela, esan du "egiteko modu horri jarraituta" jardungo dutela. "Ez gara bide horretatik aterako", esan du. Bide beretik, itzalaldiaren egunean konpromisoa erakutsi zuten profesional eta boluntario guztien lana eskertu du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa