Politika -
Absoluzioa
Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal absolbitu du, Guardia Zibilak "tratu ankerrak" eman zizkiola aitortua
Zigor-arloko salak ondorioztatu duenez, atentatuaren egiletza oinarritzen zen froga "bere oinarrizko eskubideak urratuz" lortu zen, zehazki, "hura zaintzen zuten funtzionarioek elektrodoak aplikatu ondoren, deklaratzera behartze aldera".
Agentziak | EITB Media
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Iratxe Sorzabal ETAko kide ohia hondamen delitu batetik (1995ean Irunen lehergailu bat jartze egozten zioten), frogatutzat eman baitu bere gain hartu zuela atentatu horren egiletza atxilotuta egon zen egunetan "tratu txarrak" eman zizkiolako Guardia Zibilak.
Zigor Arloko Salako epaimahaiak adierazi duenez, epaiketan Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko auzitegi-mediku batek defentsari buruz egindako peritu-txostenak, ondorioztatzen du akusatuari tratu ankerrak eman zizkiotela 2001eko martxoan atxilotu zutenean, eta horien ondorioz, behartuta, hartu zituela bere gain atentatu hori eta beste batzuk.
2022an Gijonen atentatu bikoitz bat egiteagatik 24 urte eta erdira zigortu zuten Sorzabal eta, Irungoagatik 12 urteko zigorra eskatzen zuen Fiskaltzak, baita leherketan kaltetutako enpresei kate-ordainak ematea ere.
Fernando Andreu, Ana Revuelta eta Javier Mariano Ballesteros epaileek sinatutako epaiaren arabera, atxiloketa horren ostean idatzi zuen eskuizkribua, atentatu horren eta beste batzuen egiletza aitortzen zuena, "erabat baliogabea da, akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuz lortutakoa baita (BJLOren 1.1 artikulua), atxiloaldian jasan zituen tratu txarren (elektrodoak aplikatzea) ondorio".
Gaineratu duenez, tratu txar horien helburua atxilotuak eurek esanda bezala deklaratzea zen "eta ez dago bere aldeko errugabetasun-presuntzioa suntsitzen duen kargu-frogarik".
Sorzabalek berak epaiketan azaldu zuenez, Guardia Zibilaren egoitzan atxilotuta egon zen bost egunetan, deklarazioa buruz ikastera behartu zuten eta ondoren, ETAren zuzendaritzara zuzendutako gutun bat idatzi zuen, hainbat atentaturen xehetasunak emanez.
Magistratuek ikusi dutenez, Ministerio Fiskalak ez zuen bere zigorra oinarrizko eskubideak urratuz egindako polizia-deklarazioetan oinarritu nahi. Eta ezin zen bestela izan, epaileen iritziz, akusatuak ez baitzuen deklarazio hori egoitza judizialean berretsi, torturapean egina zela baino ez zzuen adierazi, eta, beraz, kasua behin-behinean artxibatu zen.
Atxiloketa ostean idatzitako gutuna aurkitu zutenean zabaldu zen berriro auzia eta orduan auzipetu zuten.
Hala ere, jarraitzen du, horrek ez du kentzen "gutuna, atxiloketa gertatu eta egun batzuetara egina, deklarazioa bezain baliogabea izatea, zeharka bada ere, deklarazioa egin izan ez balitz aipatutako gutuna ere ez baitzen egongo".
"Kasu honetan, eskuizkribua polizia-egoitzan egindako adierazpenen isla argia da, eta egia bada ere egoitza horretan eskaini ez zituen datuak jasotzen direla", horrek "ez du esan nahi bata (eskuizkribua) bestearen (polizia-deklarazioa) ondorio eta kausa denik". "Bata gabe ezin izango zen bestea sortu", nabarmendu du.
Sorzabal 2001ean atxilotu zuten Hernanin (Gipuzkoa), eta ondoren aske geratu zen. Frantziara ihes egin zuen orduan eta han atxilotu zuten berriro 2015ean, David Pla ETAko kide ohiarekin batera.
Espainian 2022an zigortu zuten lehen aldiz eta duela gutxi absolbitu zuten 1995ean El Alteteko aireportuan (Alacant) bonba bat jartzetik. Duela hilabete batzuk Auzitegi Nazionaleko epaitegi batek berriro ireki zuen 1996an Montxo Doral ertzainaren ofizialordea hiltzeagatiko sumarioa, Ertzaintzak Sorzabalek zuzendutako komando bati egozten baitio atentatua.
Auzi horretan bere defentsak alegatu du atentatu horretan parte hartu izana aitortu zuela 2001ean aurrenekoz atxilotu zutenean jasandako torturengatik.