Politika -

Mezua

Batzea eta sistema politikoak eta kultura demokratikoa indartzea eskatu du Pradalesek, Europaren Egunean

Azken batean, ekiteko ordua da, lehendakariaren hitzetan, "eta elkarrekin ekin behar dugu, interes orokorra lehenetsita, ez badugu egoera bakoitzean gailentzen diren botere hegemonikoen kolonia izan nahi". Horretarako, premiazkotzat jo du gobernantzan aurrera egitea.

Imanol Pradales lehendakaria. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakaria
Imanol Pradales lehendakaria. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europaren Egunaren kariaz, Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu du "humanismoa eta europeismoa gure kultura politikoaren bihotzean" daudela, eta historian zehar "gure ekintza instituzionala" bideratu dutela.

Linkedin sare sozialaren bidez, adierazi du egungo ziurgabetasun egoeran Europaren biziraupena dagoela jokoan, "askatasunen, bizikidetza baketsuaren, aukeren eta segurtasunaren proiektu partekatu gisa".

"Bizi dugun une historikoaz jabetu behar gara, europar izateaz eta lortu dugunaz harro egon behar dugu eta, etsi beharrean, sinesten dugun horren alde lan egin behar dugu: Europa gehiagoren eta hobearen alde", esan du.

Horretarako, "lehen urratsa da Europaren proiektua mugetatik kanpo zein barrutik erasotzen duten korronte estremista, autoritario eta liberalei irmoki aurre egitea eta gure oinarriak babestea: demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala. Elkarrekin ekin behar dugu, egunez egun gure sistema politikoak eta herritarren kultura demokratikoa indartu behar ditugu, garenaren eta izan nahi dugunaren oinarri diren balio horiek babestuta, eta arazo konplexuei irtenbide magikoak eskaintzen dizkieten diskurtso populistei aurre eginez".

Imanol Pradalesen ustez, EBk "bere eginkizuna birplanteatu behar du". "Globalizazioa aldatu egin da, eta ez da duela bi hamarkadatako globalizazio ireki hura. Izan ere, multilateraltasuna bera zalantzan jartzen ari dira, eta eragile neoinperialista berri eta esanguratsuak agertzen ari dira", erantsi du.

Berrindustrializazioa

"Kontinentea berrindustrializatu behar dugu, eta, horretarako, oinarrizko industriak babestu, deskarbonizazioa bultzatu eta ekonomia berriaren potentzialaz baliatu behar dugu. Hori lortzeko, Europako bosgarren askatasun bat eratzea aztertu behar dugu, lehendik daudenen osagarri", nabarmendu du.

Eredu federalista

Azken batean, ekiteko ordua da, lehendakariaren hitzetan, "eta elkarrekin ekin behar dugu, interes orokorra lehenetsita, ez badugu egoera bakoitzean gailentzen diren botere hegemonikoen kolonia izan nahi". Horretarako, premiazkotzat jo du gobernantzan aurrera egitea, "botere banatu bidezkoago eta eraginkorrago baterantz, subsidiariotasun-printzipioan oinarritutako eredu federalista baterantz, herrien Europa baterantz, behetik gora eraikitako Europa demokratiko baterantz", sorrerako balioak berreskuratze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Europa Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales