Politika -

Trantsizioa

Gutun batek Juan Carlos I.a errege emeritua 1976an Montejurran izandako erasoarekin lotu du

Gutuna Jose Miguel Ruiz de Gordoaren testigantza da, garai hartako Nafarroako gobernadore zibilaren semearena. Mezuan dioenez, Lizarran faxistentzako hotelak kontratatzen zituztenek Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzatik Borboiari telefonoz deitu zioten, eta horren lekuko izan zen.

Juan Carlos I.a errege emeritua Sansenxon (Galizia). Artxiboko argazkia: EFE
Juan Carlos I.a errege emeritua Sansenxon (Galizia). Artxiboko argazkia: EFE
Juan Carlos I.a errege emeritua Sansenxon (Galizia). Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan zabaldu den gutun batek Juan Carlos I.a errege emeritua 1976an Montejurran izandako erasoarekin lotu du.

Hil ondorengo gutuna Jose Miguel Ruiz de Gordoaren testigantza da, garai hartako Nafarroako gobernadore zibilaren semearena. Mezuan dioenez, Lizarran faxistentzako hotelak kontratatzen zituztenek Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzatik Borboiari telefonoz deitu zioten, eta horren lekuko izan zen.

2023an, Alderdi Karlistak Espainiako Estatua eta errege emeritua jo zituen gertatutakoaren erantzule. Bertsio ofizialak karlismoaren bi korronteren arteko borroka bat izan zela esan zuen, baina agiri berriek egiaztatu zuten Juan Carlos I.a erregeak eta Manuel Fraga Iribarnek paper garrantzitsua izan zutela Alderdi Karlistaren alde progresistarekin amaitzeko egitasmoetan.

Eskuin-muturrak 2 pertsona hil eta 30 zauritu zituen 1976ko maiatzaren 9an Montejurran.

Ricardo Garcia eta Aniano Jimenez gogora ekartzeko karlisten ekitaldia, Montejurraren magalean. Irudia: EITB

Ricardo Garcia eta Aniano Jimenez gogora ekartzeko karlisten ekitaldia, Montejurraren magalean. Irudia: EITB

Espainiako trantsizioaren hasieran gertatu zen erasoa, 1939tik karlistek Nafarroako mendian Espainiako Gerra Zibilean hildako erreketeen omenez urtero egiten duten erromeriarekin batera egin ohi ziren ekitaldi politikoetan.

"Errekonkista" operazioan, mertzenario neofaxista italiar eta argentinarrek ere hartu zuten parte, tiro egin zieten erromerian parte hartzen ari zirenei, eta Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos hil zituzten.

Heriotza horien ustezko egileak identifikatu zituzten, baina 1977ko Amnistia Legeari esker, urte horretan bertan askatu zituzten. 2003an, Espainiako Justiziak "terrorismoaren biktima" bezala aitortu zituen erasoan hildakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a Nafarroa Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Giza eskubideak Ultraeskuina