Politika -

EUROPAKO JUSTIZIA AUZITEGIA

Sorzabalek Estrasburgora eramango du Espainian duen zigor bakarra, "torturapeko aitortzan oinarritzeagatik"

Auzitegi Nazionalak Sorzabal absolbitu du ostegun honetan, Guardia Zibilak horren autoinkulpazioa lortzeko "tratu ankerrak" eman zizkiola onartuta. Gaur, Sorzabalen abokatuak iragarri du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko dutela 2022ko zigorra baliogabetzea lortzeko.

Iratxe Urizar eta Aiert Larrarte prentsaurrean. Argazkia: EFE
Iratxe Urizar eta Aiert Larrarte prentsaurrean. Argazkia: EFE
Iratxe Urizar eta Aiert Larrarte prentsaurrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1995ean Irunen izan zen atentatu batekin lotuta epaitu eta absolbitu berri dute Iratxe Sorzabal Auzitegi Nazionalean. Ostegun honetan Konstituzionalak frogatutzat eman du akusatuari "tratu ankerrak" eman zizkiotela 2001eko martxoan atxilotu zutenean, eta horien ondorioz, behartuta, hartu zituela bere gain atentatu hori eta beste batzuk. 

Gauzak honela, Aiert Larrarte Iratxe Sorzabalen abokatuak iragarri du Espainian zigortu duten kasu bakarra (24 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2022an) Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eramango dutela, epai hura orain frogatutzat jo diren torturen bidez lortutako adierazpenetan oinarritu zelako.

Abokatuak prentsaurreko batean egin du iragarpena, Egiari Zor eta Giza Eskubideen Behatokiaren arduradunekin batera. "Sorzabalen atxiloketan, galdeketetan eta torturan parte hartu zuten guardia zibilen aurka salaketa jartzeko aukerak eta eraginkortasuna" aztertzen ari da, berriz, Behatokia.

Larrartek nabarmendu duenez, Espainian instantzia guztiak agortuta dira, Konstituzionalarena barne, eta horregatik joko dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira.

Tratu txarrak, frogatuta

Fernando Andreu, Ana Revuelta eta Javier Mariano Ballesteros Auzitegi Nazionaleko epaileek sinatutako epaiaren arabera, Sorzabalek atxiloketaren ostean 1995ean Irunen izan zen atentatuaren eta beste batzuen egiletza aitortuz idatzi zuen eskuizkribua "erabat baliogabea da, akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuz lortutakoa baita (BJLOren 1.1 artikulua), atxiloaldian jasan zituen tratu txarren (elektrodoak aplikatzea) ondorio".

Zigor Arloko Salako epaimahaiak adierazi duenez, epaiketan Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko auzitegi-mediku batek egindako peritu-txostenak ondorioztatzen du akusatuari tratu ankerrak eman zizkiotela 2001eko martxoan atxilotu zutenean, eta tratu txar horien helburua atxilotuak guardia zibilek esandakoa aitortzea zela ondorioztatu du, eta "ez dago bere aldeko errugabetasun-presuntzioa suntsitzen duen kargu-frogarik".

Sorzabalek berak epaiketan azaldu zuenez, Guardia Zibilaren egoitzan atxilotuta eman zituen bost egunetan, deklarazioa buruz ikastera behartu zuten, eta, ondoren, ETAren zuzendaritzari zuzendutako gutun bat idatzi zuen, hainbat atentaturen xehetasunak emanez.

Haren abokatuaren hitzetan, aitorpen idatzi hori hiru epaiketatan erabili dute haren aurka, eta bakar batean zigortu dute (Gijongo atentatu bikoitzagatik), Alacanten egindako beste atentatu batetik absolbitu egin baitzuten. Gijongo atentatuagatik, baina, 24 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

"Auzitegi Nazionalak, lehen aldiz, agerian utzi du denok genekiena, Guardia Zibilak torturatu egin zuela Iratxe Sorzabal. Ez dakigu zer ondorio izango dituen aitortza horrek, ez Iratxerentzat, ez beste pertsona batzuentzat, eta uste dut dezente kostako zaigula horrek eragina izatea, baina ezer egiten ez badugu, ez da inolako ondorio automatikorik izango", azpimarratu du.

Sorzabalen abokatua, atzean haren jasandako torturen markak erakusten dituen argazki batekin. Argazkia: EFE

Sorzabalen abokatua, atzean haren jasandako torturen markak erakusten dituen argazki batekin. Argazkia: EFE

Torturatzaileak salatzeko aukera, zabalik

Giza Eskubideen Behatokiko Iratxe Urizarrek, berriz, "torturatzaileak nortzuk izan ziren" galdetu du, eta salaketa jartzeko aukera aztertzen ari direla jakinarazi du.

"Epaileek eta fiskalek ezin diote entzungor egin torturen eta tratu txarren egiaztapenari, are gehiago zigor organo batetik badatoz. Ezin da onartu zigorgabetasunean geratzea eta zigor arloko jurisdikzioan ikerketa sakon bat ez egotea, eskumena baitu horretarako. Ez litzateke ulergarria izango", nabarmendu du.

Gainera, "Espainiako justiziak erreakzionatzen ez badu, nazioartean bidea egitera" behartuta egongo direla esan du.

Torturen biktimak aitortzeko epea luzatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Egiari Zor elkarteko Ainara Esteranek esan du euskal erakundeek "aho batez eta irmo" erreakzionatzea espero dutela, eta "horrelako gertaerak ez naturalizatzeko" deia egin die.

Euskadin indarkeriaren biktimen errekonozimenduak "integrala" izan behar duela eta "biktimen eskubideen berdintasuna bermatu" beharra dagoela ere adierazi du.

Era berean, errekonozimenduaren euskal legea aldatzeko eskatu du, "1999aren ondoren torturatuak izan zirenei ere lege babesa emateko".

"Bi arnas" dokumentala, Primeran plataforman ikusgai

2022an "Bi arnas" dokumentala estreinatu zen, Iratxe Sorzabalek jasandako torturetan eta amarekiko harremanean oinarrituta. Kataluniako TV3k 2023ko martxoaren 14an eman zuen dokumentala, eta 2024ko Zinemaldian ere proiektatu zen. Gaur egun, EITBren Primeran plataforman ikus daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Eguneko albisteak Albisteak Polizia abusuen biktimak Giza Eskubideen Europako Auzitegia