Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Urduñako espetxe frankistan hildako beste 6 pertsonaren gorpuzkiak identifikatu dituzte
Hauek dira identifikatu dituzten pertsonen izen-abizenak: Jose Gomez Narvaez, Aquilino Flores Bautista, Jose Pozo Garcia, eta Manuel Vivas Fernandez, Badajoz probintziakoak; Zollo Villar Toledo, Ciudad Realekoa, eta Antonio Bootello Negrete, Malagakoa.
AGENTZIAK | EITB Media
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak genetikoki identifikatu ditu Urduñako espetxe frankistan hildako beste sei biktimaren gorpuzkiak. Horiek guztiak herriko hilerrian topatu zituzten 2022ko eta 2024ko kanpainetan.
Gogora institutuak azaldu duenez, hauek dira identifikatu dituzten pertsonen izen-abizenak: Jose Gomez Narvaez, Aquilino Flores Bautista, Jose Pozo Garcia eta Manuel Vivas Fernandez, Badajoz probintziakoak; Zollo Villar Toledo, Ciudad Realekoa, eta Antonio Bootello Negrete, Malagakoa.
Datozen egunetan, talde bat Badajoz eta Malaga probintzietara joango da, biktima horietako lauren gorpuzkiak —Narvaez, Vivas, Pozo eta Negrete— familiei modu pribatuan emateko, familiek hala eskatuta.
Urduñako hilerriko lanak 2024ko abenduan amaitu ziren, eta guztira 93 pertsonaren gorpuzkiak atera dira.
Halaber, jakina da Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Kataluniakoak zirela.
Antonio Bootello Negrete, Pizarrako (Malaga) bizilaguna, nekazaria zen, ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Matxinadari laguntzea leporatuta, 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten eta 1939ko abenduaren 5ean Urduñan espetxeratu zuten. 1941eko martxoaren 22an hil zen, gripeak jota, 45 urte zituela.
Aquilino Flores Bautista, jaiotzez Valencia de las Torresekoa (Badajoz), lanbidez jornalaria zen, ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen. Matxinadagatik 12 urte eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta 1940ko abenduaren 6an Urduñan espetxeratu zuten. 1941eko martxoaren 12an hil zen, dokumentazio historikoaren arabera, erreumaz, 38 urte zituela.
Jose Gomez Narvaez, Castuerakoa zen (Badajoz), arotza lanbidez, ezkonduta zegoen eta lau seme-alabaren aita zen. Matxinadari laguntzea leporatuta 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta 1940ko otsailaren 25ean Urduñan espetxeratu zuten. 1941eko apirilaren 6an hil zen, 50 urte zituela, eta, espedientean jasotzen denez, abitaminosiak jota.
Jose Pozo Garcia, Aceuchalekoa (Badajoz), lanbidez jornalaria, ezkonduta zegoen eta semea zuen. 1940ko martxoaren 11n sartu zen Urduñan, eta 1941eko martxoaren 12an hil zen, 48 urte zituela.
Zollo Villar Toledo, jaiotzez Torrenuevakoa (Ciudad Real), lanbidez harakina zen, ezkonduta zegoen eta 7 seme-alaba zituen. 1939ko abenduaren 31n espetxeratu zuten Urduñan, eta 1941eko martxoaren 12an hil zen, garuneko enbolia baten ondorioz, 59 urte zituela.
Manuel Vivas Fernandez, jaiotzez Villagonzalokoa (Badajoz), lanbidez jornalaria, ezkonduta zegoen eta 4 seme-alaba zituen. 1939ko abenduaren 8an espetxeratu zuten Urduñan, eta 1941eko apirilaren 14an hil zen, 46 urte zituela.