Politika -

Filtrazioak

Ikerketa judizialik ezean, lege-ekintzak hasiko ditu Moncloak, Sanchezen mezuen filtrazioak direla eta

Pedro Sanchezen eta Jose Luis Abalosen arteko mezu pribatuak filtratu eta argitara eman dituzte, eta polemikak bere horretan dirau Espainiako politikan. Politikariek Margarita Roblesi eta Pablo Iglesiasi buruz hitz egin zuten, besteak beste. Roblesek garrantzia kendu die mezuei.

Felix Bolaños eta Pilar Alegria Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. Irudia: EFE.
Felix Bolaños eta Pilar Alegria Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. Irudia: EFE.
Felix Bolaños eta Pilar Alegria Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. Irudia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren ustez, Pedro Sanchez presidentearen mezu pribatuen filtrazioa delituzko jokabidea izan daiteke. Beraz, ziurtzat jotzen du ikerketa judizial bat abiaraziko dela, baina hala egingo ez balitz, lege-ekintzei ekingo diela ziurtatu du.

El Mundo egunkariak Pedro Sanchezek eta Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiak 2020an WhatsApp aplikazioan izan zituzten elkarrizketa zatiak argitaratu ditu egunotan. Abalos 'Koldo kasua'n inputatu aurretik elkarrekin trukatutako mezuak dira. 

Horietan, erkidegoetako buruzagi sozialistei buruz aritzen ziren, baita Margarita Robles Defentsa ministroari buruz ere. Azken horrek "uniformea jantzita lo egiten" duela dio Sanchezek eta "pajara" hitza erabiltzen du hura definitzeko (pertsona maltzurra eta oso eskrupulu gutxikoa dela aditzera eman nahi baita). Beste alde batetik, Sanchezek Pablo Iglesias Podemosen buruzagi ohiari buruz hitz egiten duen elkarrizketa baten zati batzuk ere argitaratu dira eta "tratu txarren emaile" erabiltzen du une batean.

Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Harreman ministroak astearte honetan adierazi duenez, ziurtzat jotzen du Gobernuak ikerketa judiziala abiaraziko duela, filtrazioak delitu zantzuak dituela irizten baitiote. Hala ere, hala egiten ez bada, ekintza legalak abiatzeko prest agertu da Gobernua eta azkeneraino iritsi nahi dutela jakinarazi du. "Filtrazioari buruzko guztia ezagutu nahi dugu: nor izan den, zergatik izan den eta zergatik beste mezu pribatu batzuk, kausa judizial batekin zerikusirik ez dutenak, delituak egiteko gai diren pertsonen esku dauden".

Bolañosek zein Pilar Alegriak filtrazioaren "larritasuna" azpimarratu dute, Gobernuko presidentearen intimitaterako eskubidea urratzen dutelako. Azaldu dute filtrazioaren atzean egon daitekeenari buruz ez dutela aurre juzgurik egingo.

Bestetik, komunikabideei egindako adierazpenetan, Margarita Robles Defentsa ministroak garrantzia kendu die Sanchezen adierazpenei. Mezu horiek "garrantzi askorik gabeko elkarrizketa pribatuak" direla esan du eta gaineratu ez duela horien inguruan "ezer esateko". "Gobernuan ondo ari gara lanean", gaineratu du. Horrez gainera, "bere kontuez kezkatzeko" eskatu dio PPri, Miguel Tellado bozeramaileak sare sozialetan Roblesen dimisioa eskatu ostean.

Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo PPren buruak esan du Espainiako gobernuburua "inoiz baino ahulago" dagoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak