Politika -
Omenaldia Azpeitian
Ehunka lagunek Inaxio Uria gogoratu dute, hilketaren 4. urteurrenean
EAJ, EA, PSE-EE, PP eta UPyD alderdietako zenbait kide ere ekitaldian izan dira.
Erredakzioa
Ehunka lagunek Inaxio Uria gogoratu eta omendu dute astelehen honetan Azpeitian, enpresariaren hilketaren laugarren urteurrenean. ETAk hil zuen Inaxio Uria, 2008ko abenduaren 3an.
Uria hil zuten tokian bertan haren omenez eraikitako oroitarriaren aurrean elkartu dira, eta 15 minutuz gogoratu dute enpresaria, isilik, eta inongo lemarik gabe
Uriaren familiako kideekin eta lagunekin batera, EAJ, EA, PSE-EE, PP eta UPyD alderdietako zenbait ordezkari ere ekitaldian izan dira. Bertan ez da ezker abertzaleko ordezkaririk izan.
Joan den ostiralean ohar bat igorri zuen Inaxio Uriaren familiak, eta, testu horretan, ekitaldira gonbidatu zituzten ''talde terroristaren hilketa guztiak gaitzesten dituzten guztiak''.
Omenaldian, Bilduko eta Amaiurreko zenbait ordezkari izan dira (Lohitzune Txarola, Ikerne Badiola, Rafael Larreina eta Alberto Unamunzaga), guztiak Eusko Alkartasunako kideak. Peio Urizar EAko burua ere Azpeitira gerturatu da.
Bakartxo Tejeria (EAJ) Eusko Legebiltzarreko presidentearekin batera, jarduneko Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izan dira ekitaldian: Idoia Mendia, Iñaki Arriola eta Miguel Buen.
Joseba Egibar eta Markel Olano jeltzaleekin batera, Rodolfo Ares eta Odon Elorza sozialistak, Juan Carlos Cano, Ramon Gómez eta Iñigo Manrique PPko kideak eta UPyD alderdiko Gorka Maneiro legebiltzarkidea ere Azpeitian izan dira gaur. Aintzane Ezenarro Aralerreko legebiltzarkide ohiak ere hartu du parte omenaldian.