Politika -

'ABALOS' AUZIA

Sanchezek dio Abalosekin trukatutako mezuak filtratzea delitua dela; Feijook dimisioa eman dezala eskatu dio

Espainiako gobernuburua eta PPren buruzagia mokoka ibili dira beste behin kontrolerako saioan. Sanchezen eta Abalosen arteko elkarrizketa pribatuak filtratu izanak piztu du oraingoan eztabaida.

Sanchez, Feijoori erantzuten, Kongresuan. EFE
Sanchez, Feijoori erantzuten, Kongresuan.
Sanchezek Abalosi beldurra diola dio Feijook; Sanchezek mezu horiek argitaratzea delitua dela azpimarratu du

0:20

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur Kongresuan nabarmendu duenez, Jose Luis Abalos ministro ohiarekin trukatu zituen WhatsApp mezuak hedabideei filtratzea "delitua" da. Alberto Nuñez Feijoo PPren idazkari nagusiak entzungor egin dio horri, eta dimisioa emateko eta hauteskundeak deitzeko eskatu dio beste behin.

"A zer gozatua duzuen filtrazioarekin, eta argi esango dut, delitua da", adierazi du Sanchezek auziari buruz egiten duen lehen adierazpen publikoan.

El Mundo egunkariak egunak daramatza, asteburutik, Espainiako presidentearen eta ministro ohiaren arteko elkarrizketa pribatuen zatiak argitaratzen. Gaur ere atera ditu mezuak, kasu honetan Air Europaren erreskatearen ingurukoak. Balizko elkarrizketa horretan Sanchezek Abalosi "hausnartzeko eta erreskatea ondo pentsatzeko" galdegiten dio, eta IAG konpainiaren (Iberiaren jabea) esku geratzearen kontrako iritzia ematen du. 

Auzian nahasita egotea leporatu dio Alberto Nuñez Feijook: "Zuk dena zenekien, eta horregatik estali zenuen, parte hartu zenuelako". Hori horrela, dimititzeko eskatu dio beste behin: "Joan zaitez, deitu hauteskundeak".

Feijoori emandako erantzunean, Sanchezek PPri leporatu dio Espainiako Gobernuaren kontrako estrategia "politikaren judizializazioan, gezur eta desinformazioan" oinarritzea. Salatu duenez, "gu nekatzearen kontura irabazi nahi dituzue hauteskundeak, baina 2027koak jendea aspertuta daukazuelako galduko dituzue".

Sanchezen esanetan, sarraskijaleen gisan "barrukiekin entretenituta dagoen PP oposizioan dagoen bitartean, Gobernu hau herritarren bizimodua hobetzen ari da". Horren ustez, PPk uztailean egin behar duen kongresu nazionalak ez ditu "txarto dabilen lidergoaren zarata isilaraziko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Delituak Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Alberto Núñez Feijóo