Politika -
Presoak
Euskal Herria alderik alde zeharkatuta, "konponbidearen puzzlea" osatu du Sarek Iruñean
Erregimen irekira pasatzeko lege-baldintzak betetzen dituzten arren, oraindik ere erregimen itxian dauden 57 presoen herrietan izan dira asteburuan, eta guztietan puzzlearen pieza bana bildu dituzte, 544 kilometroko ibilbidea osatu arte.
Olatz Prat | EITB Media
Euskal Herri osoko 28 herritan pieza bana jasota osatu du "konponbidearen puzzlea" Sare Herritarrak, ETAko presoen eskubideen aldeko mugimenduak.
Larunbat goizean Lesakan hasi, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba alderik alde zeharkatuta, Nafarroara itzuli da gaur ekimena, eta Iruñean amaitu da bi egunetan zehar 544 kilometroko ibilbidea osatuta. Nafarroako hiriburuan bertan bildu duten azken piezarekin osatu dute "konponbiderako puzzlea".
Erregimen irekira pasatzeko lege-baldintzak betetzen dituzten arren, oraindik ere erregimen itxian dauden 57 presoen herrietan izan dira, Hego Euskal herriko 28 udalerritan, hain zuzen ere.
Atzo eta gaur ibili diren herrietan ekitaldiak eta askotariko jarduerak egin dituzte, eta Iruñean bertan, esaterako, eguerditik hasi dira azken ekimenerako prestatzen, herri bazkari, kontzertu eta abarrekin. 19:00etan egin dute bukaera ekitaldia Udaletxeko plazan.
Mikel Mundiñano Sareren koordinatzaileak irakurri duen adierazpenean esan duenez, "Euskal Herrian urteak daramatzagu denon artean puzzle bat eraikitzeko lanetan, eskubide urraketa ugari eta horrenbestez askorentzat sufrimendu handia eragin duen gatazka politiko baterako soluzioen puzzlea".
Horregatik, asteotan bezala, gaur ere nabarmendu nahi izan dute "inor faltan eta inor sobera izango ez duen" puzzle hori pieza guztiekin osatu ahal izateko, beharrezkoa dela euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bideari ekitea, eta biktimek errekonozimendua, erreparazioa eta egia ezagutzea.