Politika -
Kaiako begiratokian
Donostiako udal Gobernuak gatazkaren biktima guztiak omendu ditu
PSE-EEk, PPk eta EAJk ez dute ekitaldiarekin bat egin, bai egongo dira, ordea, astelehenerako deituta dagoenean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.
Erredakzioa
Donostiako udal Gobernuak "herrialde honek pairatzen duen gatazka politikoaren indarkeriek" eragindako "biktima guztiak" omendu ditu. Omenaldian ez dute parte hartu udalbatzeko gainerako alderdien ordezkariek.
Ekitaldia eguerdian ospatu da hiriburu gipuzkoarreko portuan; Juan Karlos Izagirrek deitu zuen, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean astelehenean delako.
Hain justu, bihar beste ekitaldi bat ospatuko da, Donostiako Gobernuak gaurkoaz bereziki bereizi duena, eta bertan, ordea, udalbatzeko alderdi guztiek parte hartuko dute: PSE-EE, PP, EAJ eta Bildu.
Gaurko ekitaldia Donostiako kaian dagoen begiratokian egin dute. Hiriburuko Gobernuaren ustez, biktima guztiei eta, orokorrean, pertsona guztiei zabalduta dagoen leku berri bat da".
Omenaldian, hainbat herritarrek bat egin dute eta Bilduko (ezker abertzalea, EA eta Alternatiba) Gobernuaren ordezkariak izan dira. Horiekin batera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua ere bertan egon dira.
Halaber, Izagirreren esanetan, astelehenean ekitaldi "osagarri" bat egingo dute Bilduren udal Gobernua "gatazkaren biktima guztiak aitortuz gain, indar politiko guztien arteko itun bat lortzeko formulak eta biktima guztiak aitortzeko eroso senti gaitezen leku bat bilatzeko lanetan ari da".