Politika -
Unibertsitateen Dekretua
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aurreakordioa lortu dute unibertsitateen dekretuaren gainean
Martxan dauden unibertsitateak nahiz sortuko direnak kalitate-zigiluen bidez sailkatzeari buruz Eusko Jurlaritzak egindako proposamena aintzat hartu du Ministerioak, eta dekretuan jasoko du. Datozen egunetan eskumenak direla eta sortutako desadostasunak bateratzeko lanean jarraituko dute bi aldeek.
Olatz Prat | EITB Media
Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioak lanean jarraitzen du datozen asteetan onartu asmo duen Unibertsitateen Dekreturako ekarpen eta hobekuntzak jasotzen. EAEri dagokionez, ANECAk eta erkidegoetako agentziek martxan dauden unibertsitateak nahiz unibertsitate berriak kalitate-zigiluen bidez sailkatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena aintzat hartu du, eta neurri hori dekretuan jasotzea onartu du Espainiako Gobernuak.
Hala jakinarazi du ohar batean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, atzo bi aldeen artean izandako bileraren ostean. Hain zuzen ere, atzo bildu ziren 640/2021 Errege Dekretuaren aldaketa eztabaidatzeko Juan Ignacio Perez Iglesias sailburua, Juan Cruz Cigudosa estatu-idazkaria eta bien lantaldeak.
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, bileran agerian gelditu zen bi erakundeak bat datozela "unibertsitateen kalitatea bermatzeko beharrean" eta, gainera, helburu hori lortzeko bidean ere puntu askotan ados daudela azaldu dute.
Ministerioak zehaztu duenez, Lakuak kalitate-zigiluen gainean egindako proposamena Dekretuaren mamiarekin "bateragarria" da, baina, azpimarratu duenez, ez dira lotesleak izango.
Elkarrengana gerturatu badira ere, Ministerioak oraindik arrakala handi bat du gainditzeko, eskumenak direla eta sortutakoa, hain zuzen ere. Izan ere, Unibertsitate Politikako Konferentzia Nagusian sailburuak argi utzi zuen ez duela dekretua Ministerioak aurkeztutako terminoetan onartuko, uste baitzuen Estatuak ezin zuela unibertsitate telematikoen eskumena bere gain hartu.
Sailburuak asmoa zuen eskumen hori Estatuaren esku uzten zuen atala dekretutuik kentzea eskatzeko, euskal autogobernua "urratzen" zuelako, eta hori"marra gorria" da Jaurlaritzarentzat.
Perez Iglesiasen sailak jakinarazi duenez, datozen egunetan bi aldeek elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, "batez ere on-line ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateen gaineko eskumenen arloko desadostasunak" gutxitu eta bat egiteko.