Politika -
Etxebizitza
PSOEk pisu turistikoen BEZa igotzeko eta etxe hutsak gehiago zergapetzeko Lege-proposamena erregistratu du
Etxebizitzak arrazoizko prezioetan alokatzeko neurri sorta bat aurkeztu dute sozialistek, besteak beste etxebizitza turistikoak mugatzea, ez-egoiliarrek etxeak erostea zaildu eta alokairu-prezioak jaistea sustatzeko neurriak barne hartzen dituena.
EITB Media
Alderdi Sozialistak (PSOE) etxebizitzak arrazoizko prezioetan aloka daitezen bultzatzeko Lege-proposamen bat erregistratu du ostegun honetan. Bertan, besteak beste, etxebizitza turistikoen BEZa % 21era igotzeko neurriak jasotzen dira, jarduera ekonomikoei dagokien zergak ordain ditzaten horrela, bai eta etxebizitza hutsak gehiago zergapetzeko neurriak ere.
Hala iragarri du Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroak ostegun honetan emandako prentsaurrekoan. Bertan, Gobernuak urte hasieran hartutako konpromisoetako batzuk betetzeko pakete fiskalaren zenbait alderdi zehaztu ditu. Ekainaren lehen hamabostaldian sar liteke indarrean etxebizitza lortzeko erraztasuna xede duen 12 neurriko sorta hau.
Erosketa espekulatiboa saiheste aldera, Estatuak zerga berri bat sortzea aurreikusten du Europar Batasunetik kanpoko pertsonek eta egoiliar ez diren atzerritarrek etxebizitza erostea nolabait zailtzeko, kolektibo horretako pertsonek gehiago ordain behar izan dezaten etxebizitza erostean.
Era berean, PFEZn alokairuko-etekin garbiaren hobariak zabaltzea aurreikusten da; % 100era irits litezke hobariak etxebizitza arrazoizko prezioetan mobilizatzeko tentsionatutzat jo ez diren eremuetan. Kenkari hori, beti ere, Etxebizitzaren Alokairuaren Prezioen Estatuko Erreferentzia Sisteman zehaztutako erreferentzia-prezioaren azpitik alokatzen duten jabeentzat izango da.
Etxebizitza hutsak PFEZn duen zerga-karga handitzeari dagokionez, tributazioa % 1,1 eta % 2 artekoa da. Hori dela eta, progresibitate handiagoa ezarriko da tributazio-tarte gehiagorekin, eta ehuneko hori Ogasun Ministerioarekin koordinatuta eguneratuko litzateke.
Gainera, Ministerioak udalei dei egin die neurri hori "osatzeko", etxebizitza hutsei OHZ errekargua aplikatuta, hutsik dauden higiezinak eta bigarren etxebizitza direnak mobilizatu eta alokairuko merkatuan eskaintza handitu dadin.