Politika -
Elkarrizketa Radio Vitorian
Pradales: "Gobernuko bazkideen arteko desadostasunak logikoak dira, bestela alderdi bera izango ginateke"
Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan, lehendakariak esan du koalizio gobernuetan alderdi bakoitzak bere nortasuna izan ohi duela, eta horregatik sarritan behartuta daudela akordioak egitera.
EITB MEDIA
Imanol Pradales lehendakaria elkarrizketatu dute ostiral honetan Radio Vitorian, besteak beste, EAJren eta PSE-EEren arteko azkenaldiko desadostasunak hizketagai hartuta. Horri buruz esan du koalizio gobernuetan alderdi bakoitzak bere nortasuna izan ohi duela, eta horregatik sarritan behartuta daudela akordioak egitera.
Horrek, baina, "ez gaitu beldurtu behar, politikaren logikaren baitan baitoa, bestela alderdi bera izango ginateke", azaldu du.
Migrazioaren gainean asteon egin dituen adierazpenek ekarritako soka luzeaz ere jardun du hizketaldian, baina horren inguruan ez dela eztabaidan ibiliko besterik ez du esan.
"Migraziorako Euskal Itun Sozialean oinarrituko gara, gobernu programan jasotakoa betez. Ez dugu ezertxo ere aldatuko", azaldu du.
Ika-mika horren inguruan PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarekin berba egin ote duen galdetuta, "jakina, alderdi guztiekin hitz egiten dut", esan du, elkarrizketa hormak eraisteko, erronkei aurre egiteko eta desadostasunei irtenbidea emateko modurik eraginkorrena dela iritzita, baina elkarrizketa horiek pribatuak izan behar direla erantsi du.
Ekainaren 6ko Presidenteen Biltzarraren inguruan aurreratu duenez, "eguneko gaien zerrendan egon beharreko zenbait gairi buruzko proposamena" igorriko dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, eta onartzen badu, bileran parte hartuko du.
Aitzitik, garrantzi handiagoa eman dio Sanchezekin adostu duen aldebiko batzordeari, "egunerokoarekin zerikusia duten gaiak jorratuko ditugulako".
Garraioaren gaiari helduta, eta AHTa mintzagai, irmo erantzun du: "Behingoz trena Euskadira iritsi behar da. Estatuko azkenak izango gara, eta horrek gogoeta egitera eraman behar gaitu, AHTa proiektu oso garrantzitsua baita. Epeak azkartu behar dira, bai ala bai".
Gasteizen trenbidea lurperatzeko itundutako akordioaz argitu du azterketa egin beharrean daudela. "Pausoak eman behar dira", berretsi du.
Nafarroa eta Euskadiren arteko lotura ere izan dute ahotan. "Txosten teknikoen zain gaude, behin horrek amaituta hiru gobernuok batu ahal izateko", azaldu du. Dena den, aitortu du txostenak ez direla epe laburrean iritsiko.
Azkenik, Sidenorrek Talgo erosteko emandako urratsaren harira, ez du arriskurik ikusten. "Mugimendu zaila da, baina irtenbidea nahiko ongi bideratuta dago", horren esanetan.