Politika -
Gerra komertziala
Trumpen muga-zergen harira, negoziazioan sinestea eskatu du Monterok
"Muga-zergen politika ez da ona Europarentzat, ezta AEBrentzat edota munduko merkataritzarentzat ere", nabarmendu du Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ogasun ministro Maria Jesus Monterok eskatu du "negoziazioari aukera bat ematea", AEBko presidente Donald Trumpek muga-zergen harira egindako azken iragarpenaren aurrean. Hain zuzen ere, ekainetik aurrera Europari % 50eko muga-zergak ezarriko dizkiola esan zuen atzo Trumpek.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Monterok "zuhurtzia" eta "negoziazio taldean sinestea" galdegin du. Zentzu horretan, adierazi du espero duela "lehenbailehen irtenbide bat bilatzea, eta ezein sektorerengan ondoriorik ez izatea".
"Muga-zergen politika ez da ona Europarentzat, ezta AEBrentzat edota munduko merkataritzarentzat ere", nabarmendu du. "Dena den, ez gara espekulatzen ibili behar, tentsioa areagotzen baita", izan ere, "negoziazioek beren dinamika eta garapena dute, eta horretan sinetsi behar dugu".
Bestalde, datorren asteartean Europako Parlamentuan galegoaren, katalanaren eta euskararen ofizialtasunarekin lotuta egingo duten bozketaz hitz egin du, eta azpimarratu du "aberasgarria" dela "Estatuan dugun hizkuntz aniztasuna".