Politika -

EAJ-REN EKITALDIA AZKOITIAN

EAJ-PSEren gobernua defendatu eta EH Bildu eta PP kritikatu ditu Estebanek Azkoitiko batzokiaren inaugurazioan

EBBko presidenteak Azkoitiko batzokiaren inaugurazioan parte hartu du, eta, bertan, Euskadi gidatzen jarraitzeko euren "eredua eta indarra" aldarrikatu ditu. Euskara Europar Batasunean ofiziala izan dadin datorren astean Espainiako Gobernuak Bruselan aurkeztuko duen proposamenaz ere aritu da.

Aitor Esteban Azkoitin. Argazkia: EuropaPress
Aitor Esteban Azkoitin. Argazkia: EuropaPress
Aitor Esteban Azkoitin. Argazkia: EuropaPress

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euzko Alderdi Jeltzaleak ekitaldia egin du gaur Azkoitian, batzokia inauguratzeko. Aitor Esteban EBBko presidentea eta Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidentea izan dira bertan, eta lehenak ez dio iskin egin azken egunotan migrazioa dela eta Eusko Jaurlaritzako bi kideen artean piztu den polemikari.

Euskadi "herri abegikorra" dela defendatu du Estebanek, eta, era berean, PSE-EErekin duten gobernu koalizioak "harmonikoki" funtzionatzen duela eta "irmoa" dela berretsi du. Hala, "nahasmenean arrantza egin nahi dutenak" kritikatu ditu, EH Bilduri eta PPri erreferentzia eginez.

Gainera, Euskadi gidatzen jarraitzeko eta "autogobernu eta ongizate maila handiagoetara" eramateko jeltzaleen "eredua eta indarra" aldarrikatu ditu. "Badakigu nor garen, zer garen eta zer Euskadi nahi dugun", esan du.

Migrazioaren gaia "delikatua" dela adierazi du, Estatuarena dela eskumena, baina, era berean, bai publikoki bai pribatuan, Espainiako Gobernuari hainbat erabakirekiko desadostasuna helarazi dietela ere gaineratu du.

Gogoratu duenez, euskal herritar askok "emigratu egin behar izan dute, batzuetan behar ekonomikoengatik, beste batzuetan jazarpen politikoagatik". "Ez dezagun inoiz ahaztu. Gaur egun, euskal gizarteak argi ikusten du desberdintasunez eta gatazkez jositako mundu honetan biztanleriaren joan-etorriak kopuru handietara iristen ari direla. Eta horrek interpelatu egiten gaitu, eta leku eta kultura askotatik etorritako jendea integratzeko erronka planteatzen digu", azpimarratu du.

Ildo horretan, "gizartean integratzeko biderik onena lana" dela defendatu du Estebanek. "Eta hori mundu guztiak ulertzen eta onartzen du, bai migratzaileek, bai bertakoek", gaineratu du; izan ere, "hori da beste herrialde batera iristen den jende gehienak bilatzen duena".

Dantzariak Azkoitiko Batzorkiaren inaugurazioan. Argazkia: EuropaPress

Dantzariak Azkoitiko Batzorkiaren inaugurazioan. Argazkia: EuropaPress

Euskararen ofizialtasunaAitor Esteban euskaren ofizialtasunari buruz ere aritu da, eta asteartean Bruselan egingo den eztabaidaren garrantzia azpimarratu du. "27a ospakizun eguna izan daiteke Euskal Herriarentzat. Urrats garrantzitsua litzateke gure hizkuntzaren eta gure herriaren errekonozimenduan", adierazi du.

Gai honetan PP izaten ari den jarrera "lotsagarria" dela ere esan du, eta Europan euskararen ofizialtasuna eragozteko egiten ari den kanpaina "gogorra" salatu du.

Euskal selekzioa

Beste mugarri bat ere aipatu du jeltzaleen buruak; ekainaren 1etik aurrera, Euskal Selekzioak Gernikan egingo den Zesta Puntaren Nazioen Ligan parte hartuko duela, hain zuzen ere.

Horren harian, PP euskal selekzioaren kontra egiten ari den kanpaina salatu du, eta EH Bildu Kongresuko bozketan abstenitu egin zela gogorarazi du. "Astebetean euskal selekzioa nazioartean lehiatzen ikusita gozatuko dugu, eta hori EAJk lortu du", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Alderdi politikoak Eguneko albisteak Azkoitia Albisteak