Politika -
Hizkuntza ofizialak
Espainiako Gobernuak esan du "buru-belarri" lanean ari dela EBk euskararen ofizialtasuna berehala bermatzeko
Azken orduetan, Bolañosek, Albaresek eta Diazek "erabateko konpromisoa" agertu dute hori lortzeko Europan beharrezkoa den adostasuna bilatzeko. Hala ere, PPk ez du argitu proposamena babestuko duen ala ez, eta erantsi du "beharrezkoa ez den eztabaida" iruditzen zaiola.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasunak (EB) bere erakundeetan euskara, katalana eta galiziera ofizial izan daitezen bermatzeko lanean ari dela ziurtatu du Espainiako Gobernuak.
Hiru hizkuntza horien ofizialtasunaren gaia EBko Gai Orokorren Kontseiluaren astearteko agendan da, Espainiak eskatuta, ministroek proposamena bozkatu ala ez erabaki dezaten.
Bartzelonan, Ramon Espadaler Justizia eta Kalitate Demokratikoko kontseilariarekin bildu da, eta Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak azaldu duenez, Espainiako Gobernua "buru-belarri eta maila guztietan" ari da lanean astearte honetan Espainiako hizkuntza ofizialak EBn ere onar ditzaten.
Bolañosek nabarmendu du Espainiako Gobernuak "erabateko konpromisoa" duela hori lortzeko Europan beharrezkoa den adostasuna bilatzeko.
Halaber, Jose Manuel Albares Atzerri ministroak azaldu duenez, Espainiako indar politiko guztiak "Europako bazkideekin hitz egiten ari dira orain", EBk katalanaren, euskararen eta galizieraren ofizialtasuna onar dezan.
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroak ere "erabateko konpromisoa" agertu du eleaniztasunarekin. "Ea gure herrialdean gaur gertatzen dena bihar Europako erakundeetan ikusten dugun", esan du Diazek.
Bestalde, Borja Semper PPren bozeramaileak ez du argitu Alderdi Popularrak proposamena babestuko duen ala ez, eta "beharrezkoa ez den eztabaida" iruditzen zaiola erantsi du.
"Bihar ikusiko dugu, eta hauxe da gure jarrera. Azkenean ikusten ari garena nahasmena da, eta estatu kideei presio egiteko saiakera zentzugabea, modurik txarrenean", kritikatu du.
Esther Peña PSOEren bozeramaileak gaur adierazi duenez, "Espainiako biztanleen % 40, 20 milioi biztanle inguru, hizkuntza koofizialak dituzten lekuetan bizi dira", eta, beraz, logikoa da EBk aitortzea.
"Bihar eztabaidagai izango dena gure herriak duen nortasun eleanitza indartzea da, eta hori Europar Batasunean aitortzea", azaldu du.
Azkenik, Galiziako Xuntaren presidente Alfonso Ruedak gaur nabarmendu duenez, nahiz eta bere Gobernuak galiziera "gehiago zabaltzea" babestu, ez da "lehentasuna" Europar Batasunean erabiltzea, erabakiak 40 milioi eurotik gorako kostua badakar.