Politika -
PRESIDENTEEN BILTZARRA
Bartzelonako Presidenteen Biltzarreko gai-zerrenda erabakitzeko bilduko dira gaur erkidegoetako ordezkariak
Imanol Pradales lehendakariak aurreratu du ez dela bilerara joango, EAEko industriak behar duen potentzia igoera gai-zerrendan ez badago. Maria Chivite Nafarroako presidenteak, berriz, ez du gairik proposatuko, uste baitu Espainiako Gobernuak jarritakoak nahikoa direla.
EITB MEDIA
Erkidegoen finantzazioa, energia, osasun-sistemako profesionalen falta edota migrazioa. Gai horiek landu nahi dituzte erkidegoetako gobernuek ekainean Bartzelonan egingo den Presidenteen Biltzarrean. Espainiako Gobernuak, aldiz, bi gai jarri nahi ditu mahai gainean: batetik, etxebizitza, eta bestetik, lanbide heziketa zein unibertsitate ikasketak. Gaur arratsaldean bilduko dira erkidegoetako ordezkariak Lurralde Politikako Ministerioaren egoitzan, Madrilen, gai-zerrenda zehazteko.
Imanol Pradales lehendakariak joan den astean aurreratu zuen bere jarrera. Esan zuenez, Presidenteen Biltzarrean egon dadin ezinbestekoa da EAEko industriak behar duen potentzia igoera mahai gainean izatea. Aldiz, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ez du gairik proposatzeko asmorik, ondo ikusten baitu Espainiako Exekutiboak mahai gainean jarritakoak lantzea.
Gutxienez erkidegoen erdientzat —ia denak PPk gobernatutakoak— finantzazioa lantzea ezinbesteko baldintza izango da Biltzarrean parte hartzeko. Asko dira, baita ere, energiaren gaia lantzekoen zerrendan sartzea nahi dutenak, batez ere, joan den apirilaren 28ko itzalaldiaren ondotik. Eta azkenik, iazko abenduan egin zuten bileran bezala, migrazioa eta osasungintzako profesional eza dira landu nahi diren beste bi gai.
Besteak beste, etxebizitza, finantzazio autonomikoa, migrazioa eta osasun sistemaren egoera landu zituzten Santanderren, baina ez zuten ezer adostu. Finantzaketa ereduak eta migrazioaren gaiak piztu zuten ika-mika handiena, bereziki PPk gobernatzen dituen erkidegoek Sanchezen proposamenen aurka agertutako jarreragatik.