Politika -

Elkarrizketa ETB-n

'Estatuak egin beharko zuena egin dugu biktima politikoekin'

Manuela Carmena Eusko Jaurlaritzaren biktima politikoetarako lantaldeko aholkulariaren arabera, Txiki eta Otaegiren errekonozimendua "mugarri" izango da.

Manuela Carmena Eusko Jaurlaritzaren biktima politikoetarako lantaldeko aholkularia. Argazkia: EITB
Manuela Carmena Eusko Jaurlaritzaren biktima politikoetarako lantaldeko aholkularia.
Manuela Carmenari elkarrizketa 'Egun On Euskadi' saioan

01:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuela Carmena Eusko Jaurlaritzaren biktima politikoetarako lantaldeko aholkulariaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak "Estatuak egin beharko zuena, baina egin ez zuena" egin du lehenengo zortzi biktima politikoen aitortzarekin.

Epaileak ETBko 'Egunon Euskadi' saioan azaldu duenez, Txiki eta Otaegiri biktima izaera aitortzea "mugarri" izan da, garai batean "legezko tresnak politika errepresibo bat gauzatzeko erabili zirela" aitortzea delako.

Hala ere, Carmenak uste du Espainiako Gobernuaren eskutik iritsi beharko zela aitortza hori, lehenengo dekretuak barne hartzen dituen biktimak (1969 eta 1978 artekoak) Estatuko funtzionarioen biktimak zirelako, ez Ertzaintzarenak.

Eusko Jaurlaritzaren aholkulariak frankismoak aurrera eramandako politika baten barruan kokatu ditu biktima horiek, izan ere, "hemengo antifrankismoa legez kanpoko tresnak erabiliz erreprimitzeko hautua egin baitzuten". Horren harira, Carmenak adierazi duenez, "kasu askotan" giza-eskubideen urraketa "ez zen nahi gabe egiten, bizitza gutxiesten zuen errepresio politika bateko ekintzak ziren".

ETAko kide eta biktima

Giza-eskubideen urraketen biktima izan diren ETAko kideek edo haien senideek kalte-ordainak jaso ditzaketela eta, Carmenak ez du kontraesanik eta polemikarako arrazoirik ikusten hor, izan ere, "horixe da eskubidearen handitasuna, delitua egiten duenak ere eskubideak izaten jarraitzen du, eta kalte-ordaina jasotzeko eskubidea du bere eskubideak urratzen badira".

8 biktima gehiago eta inpunitatea

1978tik gaur egun arte izan diren biktima politikoak aitortzeko dekretua oraindik idazteko dagoen bitartean, Carmenak iragarri du "aurki" zortzi biktima gehiago aitortuko direla eta "50 baino gehiago" geratzen direla ikertzeke.

Horren harira, ikerketak kasu askotan ez direla errazak eta "gertatu zena egiaztatzea zaila" izaten dela aitortu du. Horren erruduna garai hartako "inpunitatea" izan zela iritzi dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea