Politika -
PRESIDENTEEN BILTZARRA
Lehendakaria Presidenteen Biltzarrera joango da "betorik eta inposaketarik" ez badago
Bilera horretan Euskadirentzat interesgarriak diren gaiak jorratzea eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak, hala nola EAEko industriaren potentzia areagotzea, beharrezkoa baita. Baina asteazken honetan egin den prestaketa-bilera akordiorik gabe amaitu da.
Agentziak | EITB Media
Imanol Pradales lehendakaria prest dago datorren ekainaren 6an Bartzelonan egingo den Presidenteen Konferentziara joateko, agenda "seriotasunez eta erantzukizunez" bideratzen bada, "betorik eta inposaketarik gabe". Arratsaldean lehendakaria biltzar horretan egongo dela baieztatu du Eusko Jaurlaritzak, baina geroago zehaztu dute Madrilen asteazken honetan egin duten prestaketa-bilera gai-zerrendaren inguruko akordiorik gabe amaitu dela.
Hala, iturri horiek diotenez, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ez da aldatu eta aurretik adierazitakoa izaten jarraitzen du: lehendakaria "bere ikuspuntua adierazteko eta Euskadiren interesak defendatzeko prest dago, euskal industriarentzat eta ekonomiarentzat berebiziko garrantzia duen gaietako bati buruz; trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa, alegia". Horrenbestez, gai-zerrendaren inguruko elkarrizketa bideratzea espero dute, "planteatutako gaiek gaur egun duten garrantzia kontuan hartuta".
Maria Ubarretxena Gobernantza eta Autogobernu sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak hartu du parte prestakuntza bileran. Sailburuak berak aurreratu zuen joan zen astelehenean, Forum Europa-Tribuna Euskadin egindako hitzaldi batean, Pradales Presidenteen Konferentziara joango zela, gai-zerrendan euskal industriarentzat potentzia elektriko handiagoa behar zela aztertzekotan. Ubarretxenak adierazi zuen lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegorako "gai interesgarriak jorratuz gero" parte hartuko lukeela, eta euskal sektore industrialaren "deskarbonizazioa eta energia beharra" aipatu zituen.
Lehendakariak hainbat hitzalditan defendatu duenez, Euskadik "funtsezko zeregina bete dezake esparru horretan garatuko diren politika eta estrategia berrietan". Horregatik, adierazi du ezin duela "aukera hori galdu", "euskal industria eskatzen ari den energia-trantsizioa eta deskarbonizazioa bideratu ahal izateko energia-eredu sendoa eta potentzia energetiko handiagoa" lortzeko.