Politika -
Torturak
Raul Fuentes presoak 1991n salatutako torturak ikertu ez izana aurpegiratu dio NBEk Espainiari
Batzordearen ustez, torturak pairatu zituela frogatzen duten "zentzuzko arrazoiak" daude, eta Fuentesek berak salatutako tratu txarrak ikertzeari uko egitea ez dator bat tratu eta zigor krudel, gizagabe edo umiliagarrien aurkako hitzarmenaren 12. artikuluarekin.
EITB MEDIA
NBEren Torturaren Prebentziorako Batzordeak iritzi dio "zentzuzko arrazoiak" daudela 1991n Espainiako Polizia Nazionalak atxilotutako Raul Fuentes Villota presoak torturak jasan zituela frogatzeko. Gaur egun, Martutenen (Donostia) dago espetxeratuta, baina Bilboko polizia-etxean pairatu zituen torturak, atxilotu zutenean.
Batzordearen ustez, torturak pairatu zituela frogatzen duten "zentzuzko arrazoiak" daude, eta Fuentesek berak salatutako tratu txarrak ikertzeari uko egitea ez dator bat tratu eta zigor krudel, gizagabe edo umiliagarrien aurkako hitzarmenaren 12. artikuluarekin.
Giza Eskubideen Behatokia ere mintzatu da gaiaz. Ohar batean adierazi duenez, NBEk salatu egin du Espainiako Estatuak "preskripzioa ardugiatu izana" auzia ixteko. Horren aurrean, Giza Eskubideen Behatokiak kritikatu du hitzarmenaren 14. artikulua urratu zuela Espainiako Estatuak "torturak ondorio iraunkorrak uzten dituelako pertsonengan", eta, horrenbestez, ezin duelako arrazoitu legezko preskripzio epeak bete direnik.
Auziaz arduratu den Olivier Peter abokatu suitzarrak, bestalde, prentsaurrekoa emango du asteartean Bilbon, txostenaren azterketa sakonagoa egiteko eta etorkizunean kontu honek ezar ditzakeen aurrekariez jarduteko.