Politika -
AMNISTIA LEGEA
Auzitegi Konstituzionalaren ponentziak Amnistia Legea babestu du
Epaiaren zirriborroak ez du, ordea, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaz iritzirik eman. Astelehen honetan bertan banatuko zaie testua Auzitegi Konstituzionaleko magistratuei eta ekainaren 24ko bilkuran eztabaidatuko dute.
AGENTZIAK | EITB Media
Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuari arrazoia eman eta Amnistia Legea legezkoa dela ebatziko du, hainbat hedabidek eta Europa Press albiste agentziak zabaldutako epaiaren zirriborroaren edo ponentziaren arabera. Datozen egunetan hasiko da Auzitegi Konstituzionala PPk Amnistia Legearen kontra aurkeztutako helegitea eztabaidatzen.
Inmaculada Montalban Auzitegi Konstituzionalaren presidenteordeak idatzitako ponentziak Amnistia Legearen zati handiena babestu du; PPk aurkeztutako helegitearen hiruzpalau puntu soilik onartzen ditu, denak ere garrantzia txikiagokoak.
Dena den, epaiaren zirriborroak ez du diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituaz iritzirik ematen, PPren helegiteak ez baitu hori espresuki eskatzen. Auzitegi Gorenak erabaki zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidente izandakoari Amnistia Legea ez aplikatzea diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituagatik.
Astelehen honetan bertan banatuko zaie testua Auzitegi Konstituzionaleko magistratuei eta ekainaren 24ko bilkuran eztabaidatuko dute.
Urtebete igaro da Amnistia Legea onartu zenetik, eta Carles Puigdemont eta Kataluniako prozesuko buruzagi nagusiak kanpoan gelditu dira, Auzitegi Konstituzionalak zer ebatziko duen zain.
PPren helegitea da Auzitegi Konstituzionalak Amnistia Legeaz ebatziko duen lehendabizikoa, 30 bat gehiago ebatziko baititu.