Politika -

Gasteiz

Udan hasiko dira San Frantzisko eliza konpontzen, Martxoaren 3ko Memorialaren egoitza har dezan

Hori azaldu du Alberto Alonso Gogora Institutuaren zuzendariak, eta espero du 2026ko martxoan egoitza horretan ekitaldiak egin ahal izatea, sarraskiaren 50. urteurrenean.

San Frantzisko Asiskoaren eliza, Gasteizko Zaramaga auzoan. Irudia: EITB
San Frantzisko Asiskoaren eliza, Gasteizko Zaramaga auzoan. Irudia: EITB
San Frantzisko Asiskoaren eliza, Gasteizko Zaramaga auzoan. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioaren Patronatuak erabaki du Eusko Jaurlaritzaren esku uztea Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren eliza konpontzeko lanen kontratazioa, oroimenerako zentroaren egoitza har dezan. Zaharberritze-lanak uda honetan hastea espero da.

Horixe adierazi du Gogora Institutuaren zuzendari Alberto Alonsok, eta espero du 2026ko martxoan egoitza horretan ekitaldiak egin ahal izatea, sarraskiaren 50. urteurrenean.

1976ko martxoaren 3an, Polizia Armatuak tiroz desegin zuen Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan egiten ari ziren langileen batzarra. Bost pertsona erail eta ehun lagun baino gehiago zauritu zituen.

Gaur Patronatuaren bilera egin dute, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua buru zela. Ohar batean, Alonsok adierazi du Eusko Jaurlaritzaren aginduarekin tramiteak hasiko direla "uda honetan elizak behar dituen lanak egin daitezkeen ikusteko".

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, "erabaki horri esker, eraikina konpondu ahal izango da, eta memoria eta aitortzarako leku gisa egokituko dela bermatuko da".

Bestalde, Justizia sailburuak azpimarratu du "garrantzi sinbolikoa eta praktikoa duela Patronatuak legez eratutako fundazioarekin egindako lehen batzarrak".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Martxoak 3 Frankismoa Memoria Historikoa Zaramaga auzoa Polizia abusuen biktimak