Politika -
Trebiñuren anexioa
Trebiñu Araban sartzea bultzatuko duen mahaia eratu dute hiru talde politikotako zinegotziek
EAJ-PNV, EH Bildu eta Trebiñuko Agrupación Independiente taldeetako kideak ariko dira ekimen honetan, baina beste alderdiei gonbidapena luzatu diete "egoera politiko eta administratibo zaharkitu" horrekin amaitzeko. Erakunde guztiekin hitz egin eta herritarrek parte har dezaten sustatu nahi dute.
Agentziak | EITB Media
Trebiñuko eta Argantzongo hiru talde politikotako zinegotziek Trebiñuko barrendegia Araban sartzeko helburuarekin lan egingo duen mahaia aurkeztu dute astearte honetan. EAJ-PNVko, EH Bilduko eta Trebiñuko Agrupación Independiente taldeko zinegotziak batu dira ekimenera.
Argantzongo Pablo Ortiz de Latierro zinegotziak azaldu du bi herriok Araban "modu efektiboan" sartzea dela mahaiaren azken helburua. Horretarako, lehen pausua izango da barrendegiaren egoeraren eta trebiñuarrek bizi dituzten "bidegabekerien" analisia egitea. Ondoren, barrendegiko erakunde eta gizarte-eragileekin elkarlana bultzatu nahi dute, hainbat plan eta proiektu osatzeko.
Horrez gainera, Trebiñuren auzian inplikatutako erakunde eta agente guztiekin hitz egin nahi dute eta herritarrek parte har dezaten sustatu nahi dute.
"Aldarrikapen historikoa" izateaz gainera, Trebiñu Arabako parte izatea "gaur egungo biztanleen gehiengoaren apustua dela" azpimarratu du Ortiz de Latierrok.
Hori dela eta, jainarazi du ekimenak bide horretan aurrera egiteko konpromisoa duela.
Hiru alderditako zinegotziek hartuko dute parte mahaian, baina gainerako alderdietako kideak ere gonbidatu dituzte, "egoera politiko eta administratibo zaharkituarekin" amaitzeko.