Politika -
Presidenteen biltzarra
Sanchezek etxebizitzan inbertsio publikoa hirukoiztea proposatu die erkidegoetako presidenteei
Espainiako gobernuburuak gutun bat bidali die erkidegoetako agintariei, gai horren inguruan akordioa eskatzeko. Sanchezek proposatu du inbertsio hori babes publikoko etxebizitzen kalifikazioa blindatzearekin lotzea, eta atari pribatuek duten informazio monopolioarekin amaitzea.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gutun bat bidali die erkidegoetako presidenteei, Bartzelonan egingo den Presidenteen Biltzarraren atarian, 2026-2030 tarterako Etxebizitza Estatu Akordioa eskatzeko, inbertsio publikoa hirukoizteko neurriekin, ia 7.000 milioi eurorainoko partida bideratuta.
Gutunean, Sanchezek azpimarratu du Presidenteen Biltzarra administrazioen arteko elkarrizketa eta ideien trukea sustatzeko foro bat dela, eta uste du baliagarria izan behar duela etxebizitzarena bezalako arazoei aurre egiteko eta ostiralean horri buruz eztabaidatzeko, "modu lasai eta eraikitzailean".
Sanchezen hitzetan, etxebizitzak erronka izaten jarraitzen du, orain arte egin dena ez baita nahikoa. Sanchezek adierazi du akordioa datozen hilabeteetan onar daitekeela eta hiru konpromisotan oinarrituko litzatekeela.
Proposamen horietako lehenari dagokionez, Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du azken Estatu Egitasmoan (2022-2025) erakundeek 2.300 milioi euro erabili zituztela etxebizitza publikoak eraikitzeko, etxeak birgaitzeko eta alokairua errazteko.
Orain, kopuru hori ia 7.000 milioi euroraino handitzea eskatu du, eta horietatik Espainiako Gobernuak 4.000 (% 60) jartzeko konpromisoa hartu du, baldin eta erkidegoetako gobernuek ardura handiagoa hartu eta gutxienez 2.700 milioiko ekarpena egiten badute.
Etxebizitzen kalifikazioa mugarik gabe blindatzea
Bigarren proposamenari dagokionez, inbertsioa babes publikoko etxebizitzen kalifikazioa mugarik gabe blindatzeko konpromisoarekin lotzea planteatu du gobernuburuak. Sanchezek deitoratu duenez, azken 45 urteetan eraikitako 2,4 milioi etxe babestuetatik gehienak espekulazioaren eta funts putreen esku geratu dira.
"Nire proposamena da odoluste izugarri horri amaiera ematea eta guztiok konpromisoa hartzea diru publikoarekin finantzatzen diren etxeek etxebizitza babestuaren kalifikazioari eutsi diezaiotela, herritarrei jabetza edo alokairu alternatiba eskuragarria eskaintzeko".
Informazioaren monopolioarekin amaitzea
Atari pribatu batzuek duten informazioaren monopolioarekin amaitzeko nahiari dagokionez, adierazi du ez dagoela datu-base publiko eta fidagarririk erosteko, saltzeko eta alokatzeko prezio errealen berri izateko, eta horrek eragotzi egiten diela gobernuei politika publiko hobeak diseinatzea eta herritarrei etxeen prezioa modu egokian negoziatzea.
Horregatik, erkidegoetako presidenteei proposatu die erakunde guztiek duten informazioa datu-base batean bota dezatela, eta herritarren, unibertsitateen eta sektorearen eskura jar dezatela, web atari batean.
PPk gobernatzen dituen erkidego batzuen erantzuna berehalakoa izan da. Hala, Maria Jose Saenz de Buruaga Kantabriako presidenteak esan du proposamena Sanchezek Presidenteen Biltzarren aurretik egin ohi duen "publizitate iragarkia" dela, eta gero, "hor konpon".
"Ez dut proposamenaren berri izan eta ez dakit zer eduki dakarren". "Konferentziaren gai-zerrendan dago, eta komunikabideen bidez ezagutu dugu, bezperan (...), gaizki hasi gara", deitoratu du Kantabriako gobernuburuak.
Carolina España Andaluziako Gobernuaren bozeramaileak Etxebizitza Legea "aldatzeko" eskatu dio Espainiako gobernuburuari, lege hori arazoa "areagotzen" ari delako, erkidegoei gai horren inguruan "baldintza asko eta irtenbide gutxi" eman beharrean.