Politika -
Epaiketa
Fiskaltzak helegitea aurkeztu du Iratxe Sorzabalen absoluzioaren aurka, eta epaiketa errepikatzea eskatu du
Auzitegi Nazionalak Irunen egindako atentatu batean nahastuta zegoelakoan epaitu zuen Sorzabal maiatzean eta frogatutzat jo zuen Guardia Zibilak "tratu txarrak" eman zizkiolako hartu zuela bere gain atentatuaren egiletza.
Agentziak | EITB Media
Fiskaltzak helegitea jarri dio Iratxe Sorzabal absolbitu zuen Audientzia Nazaionalaren maiatzeko sententziari, eta epaiketa errepikatzeko eskatu du.
Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman zuen epaian akusatuari "tratu ankerrak" (elektrodoak erabili zituzten) eman zizkiotela 2001eko martxoan atxilotu zutenean, eta horien ondorioz hartu zuela bere gain Irungo atentatuaren eta beste batzuen egiletza. Zehazki, "baliogabetzat" jo zuen akusatuak idatzi zuen 'kantada'.
Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren Zigor Ataleko Batzordeak, ordea, "gehiengo zabalez" babestu du epaiaren aurkako kasazio-errekurtsoa aurkeztea. Fiskaltza ez dago ados epaiarekin eta Sorzabalen eskuizkribua "lehergailuak jarri zituela onartzeko borondatezko egintza dela" irizten dio. "Kargu-froga baliozkoa" dela uste du, eta adierazi du, hura kontuan hartu ez zuenez, Auzitegiak ez ziola fiskalari "benetako tutoretzarik" eman.
Horrenbestez, epaia atzera botatzeko eta auzia Auzitegi Nazionalera itzultzeko eskatu du, beste magistratu batzuek osatutako sala batean beste epaiketa bat egin dadin.
Iratxe Sorzabal 2001ean atxilotu zuten, Hernanin, ETAko kide izatea egotzita. Ondoren, askatu zuten eta Frantziara ihes egin zuen. 2015ean atxilotu zuten berriro, David Plarekin batera. 2022an, 24 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten Gijonen bi atentatu egiteagatik.
2025eko otsailean, 1995ean Irungo zubian lehergailu bat jartzeagatik epaitu dute. Horrez gainera, duela hilabete batzuk, Auzitegi Nazionaleko epaitegi batek berriro ireki zuen 1996an Montxo Doral Ertzaintzako ofizialordearen hilketaren sumarioa. Ertzaintzak Sorzabalek zuzendutako komando bati egotzi dio hilketa.