Politika -
Bilera Bartzelonan
Pradales lehendakariak migrazio kudeaketarako egitasmo integrala proposatuko du Presidenteen Biltzarrean
Lehendakariaren ustez, Espainiako Estatuko migrazio-fluxuen "konplexutasun eta bolumen gero eta handiagoak" erantzun "koordinatua, humanitarioa eta iraunkorra" behar du.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak 'Migrazio Politiken Egiturazko Plan Integral' bat lantzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari, ostiral honetan Bartzelonan egingo den Presidenteen Biltzarrean, EITBk jakin duenez.
Lehendakariak uste du Espainiako Estatuko migrazio-fluxuen "konplexutasun eta bolumen gero eta handiagoak" erantzun "koordinatua, humanitarioa eta iraunkorra" behar duela.
"Horrelako plan batek aukera emango luke ekintza estrategiko argiak eta iraunkorrak ezartzeko, eskubideak eta betebeharrak bermatuz, migratzaileak gizartean integratuz eta haien garapenerako ekarpena sustatuz", nabarmendu du Ajuria Eneko maizterrak. Gainera, "nazioarteko lankidetza eta baliabideen kudeaketa eraginkorra erraztuko luke, eta larrialdiei soilik heltzen dieten aldi baterako irtenbideak eta konponbide partzialak saihestu", erantsi du.
Pradalesen ahotan, "egitasmoaren helburu nagusia plangintza eta kudeaketa koherentea, iraunkorra eta printzipio sendoetan oinarritutakoa ezartzea da, fenomeno horren kudeaketa urteetan zehar ezaugarritu duten aldi baterako konponbideak, adabakiak eta larrialdiei aurre egiteko aldi baterako erantzunak atzean utziz".
"Migrazioaren errealitatea egiturazko erronka da, eta Estatu osoaren erantzun irmoa eta adostua behar du, epe luzerako estrategia argi batekin, koherentzia bermatuko duena", gogorarazi du.
Lehendakariak azpimarratu duenez, "ezinbestekoa da erakundeek migrazio larrialdien aurrean hartzen dituzten neurri isolatu edo inprobisatuak atzean uztea, eta, horren ordez, plan proaktibo bat diseinatzea, legez kanpoko migrazioaren arrazoi sakonei helduko diena, integrazio eraginkorra sustatuko duena eta giza eskubideekiko errespetua ziurtatuko duena".
Lehendakariak proposatutako egitasmoak, besteak beste, honako hauek biltzen ditu: Estatuaren iparraldeko eta hegoaldeko mugei aitortza ematea; erakunde maila desberdinak aintzat hartzea; eta koordinazio organo argiak sortzea, funtzio definituekin eta komunikazio mekanismo eraginkorrekin.
Gainera, hainbat ekintza proposatzen ditu, hala nola migrazio-fluxuak kudeatzeko neurriak; gizarteratzeko, laneratzeko eta kulturarako programak; legez kanpoko migrazioa prebenitzeko, artatzeko eta kudeatzeko neurriak; eta sentsibilizazio estrategiak, kultur arteko hezkuntza eta xenofobiaren aurkako borroka.
Azkenik, Pradales planaren jarraipena egiteko, adierazle argiak eta neurgarriak ezartzea proposatzen du, bai eta emaitzak monitorizatzeko eta aldian behin ebaluatzeko sistemak ezartzea ere, helburuak betetzen diren egiaztatzeko.