Politika -
Konstituzio Eguna
Espainiako Konstituzioa 'erabat indarrean' dago, Rajoyren arabera
Gobernuko presidenteak Konstituzioa aldarrikatu du, "ongizate garaia eskaini digulako". "Espainia asko hobetu da", azpimarratu du Konstituzio Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionalean.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidentearen arabera, 1978ko Espainiako Konstituzioa "erabat indarrean" dago, 34 urte igaro badira ere, "joko-arau zehatzak ezarri dituelako". Ondorioz, "urte askotarako gorde behar da".
Konstituzio Eguna dela eta, Senatuan izandako ekitaldi instituzionalean parte hartu aurretik, Konstituzioa aldarrikatu du Rajok, "egoera ekonomiko zail batean" egin zutela gogoratuta.
"Indar politiko guztien eta espainiar gehienen ahaleginarekin egin genuen Konstituzioa", adierazi du presidenteak, "Estatu eredua nabarmen aldatzea gauzatu zuten joko-arau berriak ezarri zituen".
"Izan ere, Administrazio zentral batetik gastu publikoaren % 20 besterik ez kudeatzen duen gobernu batera igaro dugu", azaldu du Rajoy, "autonomia erkidegoek, bitartean, gastu publikoen % 38 kudeatzen dute dagoeneko". "Konstituzioak ongizate garaia ekarri digu; Espainia asko hobetu da", azpimarratu du.
Posada: 'Abentura errebisionistak'
Bestalde, Jesus Posada Kongresuko presidenteak adierazi duenez, egungo krisi ekonomikoa ikusita, "ez da une aproposa emaitza zalantzagarria izan ditzaketen abentura errebisionistak planteatzeko, ezta desadostasunetan sakontzeko".
Urquijo: 'Konstituzioa, aukera bat'
Halaber, Carlos Urquijo Euskadin Gobernuko ordezkariak azpimarratu duenez, "Konstituzioa ez da arazo bat, aukera bat baizik". "Akats handia da alderdien interesengatik Konstituzioa astintzea", ohartarazi du Urquijok, Konstituzio Eguna dela eta, Gasteizen PP eta PSOEren hainbat kiderekin izandako ekitaldi batean.