Politika -
Segurtasuna
Beasaingo Udalak gaitzetsi egin du polizia-agenteak txosnetatik kanporatu izana
EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen babesarekin onartu du gaitzespen testua Bozeramaileen Batzordeak. EH Bilduk oharra kaleratu du gertakarien aurreko "ezadostasuna" agertuz eta bereizkeria jasan dutenei "babes osoa" adieraziz.
EITB Media
Beasaingo Udalak gaitzetsi egin ditu joan zen astelehenean herriko festetarako jarritako txosnen gunean bi polizia agenteen aurka izandako "diskriminazio eta hertsapen jarrerak". Testuan Txosnen Batzordeari ekintza horiek gaitzetsi eta errepikatuko ez direnaren konpromisoa har dezala eskatzen dio.
Gaitzespen hau ErNE sindikatuak egindako salaketa publiko baten ondoren etorri da. Astelehenean, herriko festen testuinguruan, bi pertsona, lan orduetatik kanpora zeuden udaltzain bat eta ertzain bat, "publikoki seinalatu" eta handik alde egitera behartu zituzten.
Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du EAJ-PNV, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeen babesarekin. Ohar horretan dio "horrelako jarduerak bateraezinak direla gizarte demokratiko, plural eta errespetuzko baten balioekin". "Berdintasuna, diskriminaziorik eza, desberdinarekiko errespetua eta gorrotoaren arbuioa" dira "politika publikoen eta eguneroko bizitzaren ardatza", sinatzaileen aburuz.
Hori dela eta, Txosna Batzordeko ordezkariei eskatu diete "publikoki" hiru adierazpen egiteko: "diskriminazio eta hertsapen jarrerak gaitzestea, erasotutako pertsonei barkamena eskatzea eta horrelako jarrerak errepikatuko ez direnaren konpromisoa hartzea".
Halaber, Beasaingo Udalak Txosna Batzordearekin duen hitzarmena berrikusiko duela jakinarazi dute adierazpen horretan, "jai-esparru honetan ere gure gizartearentzat funtsezkoak diren printzipio demokratikoak bermatu eta Beasaingo bizikidetzari kalte besterik egiten ez dioten eraso hauek errepikatu ez daitezen".
EH Bilduk ez du bat egin adierazpen horrekin eta bere ohar propioa bidali du hedabideetara txosnetan izandako "gertakari horren aurrean ezadostasuna" agertuz eta "ogibideagatik bereizkeria jasan duten herritarrei babes osoa" agertuz. Oharraren arabera, EH Bilduk ez du "onartzen arraza, jatorri, hizkuntza, genero, sexu eta beste edozein modutako beldurrarazterik, jazarpenik nahiz bereizkeriarik, ezta lanbide bat edo beste izateagatik ere". "Elkarbizitza lortzeko bidean, pentsaera ezberdineko pertsonek osatutako herria eraiki" nahi dutela azaltzen dute.
Alabaina, hitzarmenaren berrikuspenarekin lotuta, "balioan jarri" nahi izan du "herriko eragile ezberdinek herriko jaiak aberasten eta antolatzen egindako lana". Zentzu horretan, ez zaio "zilegi" iruditzen "ekintza konkretu hauen ondorioek Beasaingo eragileen etorkizuneko lana baldintzatzea" eta jaietako bigarren asteburuan "antzeko gertaerarik ez errepikatzeko deia" egiten du.
Azkenik, Bingen Zupiriak, Segurtasun sailburuak, ere hitz egin du gertakari hauen harira eta "onartezintzat" jo du zenbait gaztek espazio publikoetan duten jarrera.