Politika -

Memoria historikoa

Nafarroako Gobernuak biktima gisa aitortu ditu Foru Erkidegoan torturatutako beste 21 pertsona

Oraingoz, 170 eskaera egin ostean, ebazpen horiek zenbatuta 76 dira 16/2019 Foru Legearen esparruan biktima gisa aitortutako pertsonak; eskuin-muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen die lege horrek.

Nafarroako torturatuen sarearen ekitaldi bat. Artxiboko argazkia.
Nafarroako torturatuen sarearen ekitaldi bat. Artxiboko argazkia.
Nafarroako torturatuen sarearen ekitaldi bat. Artxiboko argazkia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Egiaren garaia da. Nafarroarako memoria inklusiboa' ekimenak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak beste 21 pertsona aitortu ditu ofizialki torturaren biktima gisa Foru Erkidegoan, 16/2019 Foru Legearen babesean (eskuin-muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen diena). 

Ebazpen horiek zenbatuta, 76 dira orain arte foru lege honen esparruan biktima gisa aitortutako pertsonak; guztira 170 eskaera erregistratu dira.

'Egiaren garaia da' ekimenak positibotzat jo ditu aitortza ofizial berriak, "Nafarroan inongo bazterketarik gabe estatuaren biktima guztien egiarekin eta justiziarekin konprometituko den elkarbizitzarako esparru bat eraikitzeko bidean aurrerapausoak direla" uste baitute, bai eta "estatuaren eta eskuin-muturreko taldeen aldetik sei hamarkadatan izandako indarkeria politikoa argitzeko urratsak ere".

Kolektiboak azpimarratu duenez, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aitortutako kasuek "berriro erakusten dute Nafarroako torturaren errealitatea lazgarria" dela, eta "botere publikoek erantzukizunez heldu behar" diotela gaiari. "Erantzukizun publikoak nork bere gain hartu behar ditu, eta uste dugu Nafarroako Gobernuak, honi dagokionez, aurrera egin behar duela" adierazi du. Horren haritik, ekainaren 26a, Torturatuen Biktimak Babesteko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna, "data egokia" izan daiteke horretarako, erantsi duenez. 

'Egiaren garaia da' ekimenaren arabera, "21 kasu horiek gure herrian torturaren aplikazioak izan duen irismenaren lagin txiki bat baino ez dira, eta Batzordeak orain arte aitortutako kasuen kopuruak argi eta garbi erakusten du hamarkadetan zehar salatu dugun zerbait: tortura sistematikoki aplikatu dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Hainbat eragileren ukazioa eta kontakizun interesatua bezain sistematikoa". Nabarmendu dutenez, "aztertu beharreko gertaerak" dira, eta "zergatik torturatu gintuzten ezagutarazi eta tortura ahalbidetu zuen testuinguru politikoaren arrazoiak mahaigaineratu" behar da, "hori baita berriro ere ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena". 

"Tortura-kasuak ez dira zenbaki hutsak, pertsonak baizik. Eta senideak eta lagunak dira", esan dute. "Hamarkadetan zehar, pertsona askok isilean sufritu ditugu torturaren ondorioak, gure bizitzak eta gure hurbilekoenak markatu dituzten esperientzia traumatikoen pisua geurekin eramanez. Bada garaia, beraz, torturak gure herrian duen tamaina, dentsitatea eta intentsitatea jasotzeko, oraindik ez baitira ezagutzen bere osotasunean", berretsi dute.

Era berean, euren hitzetan, "Nafarroako Gobernuak giza eskubideen urraketen biktima gisa ofizialki aitortutako 21 biktima horiek beste errealitate bat jarri dute mahai gainean, orain arte nahita ezkutatu dena. Guztiak torturatu zituzten Franco hil ondoren (50 urte beteko dira aurten) eta konstituzio-aldian". Gainera, kasu horiek, hamarkada desberdinak ez ezik, 1980tik 2011ra bitarteko bosturteko guztiak jasotzen dituzte. Izan ere, denak joan den mendeko laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan eta mende honetako lehen eta bigarren hamarkadetan torturatu zituzten", ziurtatu du.

Halaber, gaineratu dutenez, aitortza hauek "tortura ahalbidetu eta erabiltzeko prestaturiko egitura oso baten existentzia egiaztatzen dute, zuzenbide-estatuaren lege babesa izan duten gertakariak eta oraindik ere bere osotasunean ezagutu gabe jarraitzen dutenak, tratu hori jasan dugun pertsonak berriro biktimizatzen gaituztelarik". 

Pernando Barrena, torturatuen artean

Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentaria torturaren biktima gisa aitortutako 21 pertsonetako bat da.

EH Bilduk ostiral honetan jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuak Barrena eta beste 20 nafarrak torturaren biktima gisa aitortzea "beste urrats bat da Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen duen bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak