Politika -

MOBILIZAZIO NAZIONALA

Bilboko kaleak ikurrinez betetzeko deia egin du Gure Eskuk

Herri aktibazioa "ezinbesteko" tresna dela iritzi dio "euskal nazioari bultzada emateko, burujabetzaren bidean urratsak egiteko eta erabakitzeko eskubidea gauzatzen hasteko". Manifestazioa 17:30ean abiatuko da "Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki!" lelopean, Casilla plazatik.

Gure Eskuk ekainaren 7an Bilbora joateko deia egin zuen asteazkenean. Argazkia: Gure Esku
Gure Eskuk ekainaren 7an Bilbora joateko deia egin zuen asteazkenean. Argazkia: Gure Esku
Larunbateko mobilizazioan parte hartzeko eta Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Gure Eskuk

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki!" lelopean, mobilizazio nazionalean parte hartzeko eta Bilboko kaleak ikurrinez betetzeko deia egin du Gure Eskuk, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak. Manifestazioa Bilboko Casilla plazatik abiatuko da gaur arratsaldean, 17:30ean.

Asteazken goizean Gure Eskuren ordezkariek Bilbon egin zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, gaurkoa "funtsezko hitzordua" da "euskal nazioari bultzada emateko, burujabetzaren bidean urratsak egiteko eta erabakitzeko eskubidea gauzatzen hasteko".

Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramailearen arabera, "ezer ez da lortu herri honetan herri aktibaziorik gabe". Hori dela eta, herri aktibazioa "ezinbestekoa" izango da, horren ustez, "herri gisa aurrera egingo badugu".

Etxabururen esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian "zabalik daude" burujabetzaren bidean, eta euskal lurraldeen artikulazioan pausoak emateko "aukera" eman dezaketen prozesu eta eztabaidak. Testuinguru horretan, herritarren bultzadaren ekarpena sustatu nahi du gaurko mobilizazio nazionalak.

Halaber, Gure Eskuk "Autonomia kalea ikurrinen kalea" izatea nahi du, eta herritarrei mobilizaziora ikurrina eramateko deia egin du Mirian Campos Gure Eskuko kideak.

"Zalantzarik gabe, larunbatekoa herri-agerraldi bat izango da. Herri-selfie bat egingo dugu, eta munduak garen modukoak bezala ikusiko gaitu: herri anitz bat, bere hizkuntzaz eta kulturaz harro dagoena, bere ikurrak maite dituena", gaineratu du.

Mobilizazio nazionala arratsaldean izango bada ere, Gure Eskuk egun osoko egitarau zabala prestatu du, goizetik gaueraino. Bertsolariak, musika, pailazoak, erraldoiak, txistulariak eta trikitilariak, herri-kirolak eta abar izango dira Bilboko hainbat gunetan. Halaber, martxaren bukaeran, Sol Band Palestinako taldea arituko da Bilboko udaletxe ondoko oholtzan.

Atxikimenduak

Euskal Herriko esparru ugaritako dozenaka pertsona atxiki dira mobilizaziora: kulturgileak (Agurtzane Intxaurraga, Aitziber Garmendia, Aiora Zulaika "Pirritx", Jose Mari Agirretxe "Porrotx", Mertxe Rodriguez "Marimotots", Iker Galartza, Itziar Ituño, etab.), musikariak (Gozategi, Anje Duhalde, Bulego, Dupla, Gatibu, Olatz Salvador, Skabidean, Zetak, etab.), kazetariak, esparru akademikokoak... Gizarte eragile ugarik ere bat egin dute deialdiarekin: ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuak, Etxalde mugimendua, Bilgune Feminista, Euskalgintzaren Kontseilua, pentsiodunen mugimendua, eta Egi eta Ernai gazte antolakundeak, besteak beste.

EAJ, EH Bildu, EH Bai eta Podemosek ordezkaritza bidaliko dute

EAJk, EH Bilduk, EH Baik eta Podemosek Bilboko gaurko mobilizaziora ordezkaritza bidaliko dutela baieztatu diote Gure Eskuri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da gaur Bilbon? Gure Esku Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak