Politika -
ustelkeria
Auzitegi Gorenak Estatuko fiskal nagusia auzipetu egin du, sekretuak zabaltzea egotzita
Alvaro Garcia Ortizi sekretuak zabaltzea leporatzen diote, Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayusoren bikotekidearen iruzur fiskalaren kasuarekin gertatutakoaren harira.
agentziak | eitb media
Angel Hurtado Auzitegi Goreneko magistratuak Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusia eta Pilar Rodriguez Madrilgo probintziako fiskalburua auzipetu ditu sekretuak ezagutarazteagatik, Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayusoren bikotekidearen kasuarekin lotutako filtrazioan nahastuta dagoelakoan.
Hurtadok autoa kaleratu du astelehen honetan, aurretiazko eginbideak Garcia Ortiz eta Rodriguezen aurkako prozedura laburtu bihurtzeko, haien aurkako delituaren zantzuak berretsitzat jota.
Magistratuak adierazi duenez, zantzuei dagokienez, ondoriozta daiteke fiskal nagusiak komunikabide bati 2024ko otsailaren 2ko mezu batek zekarren informazioa helarazi ziola. Pilar Rodriguez Madrilgo probintziako fiskalburuak bidali omen zuen mezuan, adierazten omen zen Madrilgo presidentearen bikotekidea den Alberto Gonzalez Amadorren abokatuak erabaki zuela bi delitu fiskal onartzea.
Hurtadok nabarmendu du mezu horretan Gonzalez Amadorren informazio pertsonala zegoela, isilpekotasun eta konfidentzialtasun irizpideen mende dagoen abokatuaren eta fiskalaren arteko elkarrizketa pribatua baitzen.