Politika -
MOBILIZAZIOAREN BALORAZIOA
Bilboko mobilizazioak burujabetzaren aldeko borondate sendoa islatu du, Gure Eskuren ustez
Gure Eskuren bozeramaileek larunbatean Bilbon egin zen mobilizazioaren balorazioa egin dute, eta euskal herritarren burujabetza-beharrak eta nahiak nabarmendu dituzte. Indar politiko eta sozial guztiei herri ikuspegiz eta anbizioz jarduteko eskatu diete.
EITB MEDIA
Joan den larunbatean Bilbon egindako "Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki" mobilizazioaren balorazioa egin du gaur Gure Eskuk, Donostian. Josu Etxaburu bozeramaileak azaldu duenez, "euskal jendarteak borondate argia erakutsi du: urratsak egin nahi ditu burujabetza osoaren bidean, erabakitzeko eskubidearen bidez".
Hiru alderdi nabarmendu dituzte, mobilizazioaren balorazioa egiteko: parte-hartzaile kopuru handia, aniztasuna eta, bereziki, gazteen presentzia. "Euskal jendarteak nahi eta behar du burujabetza, eta hori argi gelditu zen larunbatean", adierazi du Etxaburuk.
June Romatet Gure Eskuko kideak hainbat helburu jarri ditu mahai gainean, burujabetzaren beharra azpimarratzeko: bizi-baldintzak hobetzea, etorkizuneko erronkei aurre egitea (klima larrialdia, adimen artifiziala eta migrazioak), eta euskara eta euskal kultura babestu eta biziberritzea. "Burujabetza hemen hartu behar diren erabakiekin lotuta dago, eta euskal jendarteak hori nahi duela ikusi dugu", azpimarratu du.
Etxaburuk, halaber, nabarmendu du indar politiko eta eragile sozial guztiek herri ikuspegiz eta anbizioz jarduteko ardura dutela: "Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak lortzeko eta gauzatzen hasteko unea da. Herri ikuspegia eta anbizioa ezinbestekoak dira, eta ahalegina egitea gure ardura da".
Gure Eskuk dei zuzena egin die indar politiko eta sozial guztiei: "Bilbon euskal jendarteak mezu argia helarazi zuen. Orain, ardura horri erantzuteko unea da".