Elkarrizketak -

Eitb.com-en elkarrizketa

"Kasualitatez aritu naiz Julia Robertsentzat figuranteak bilatzen"

Ainhitze Bizkarralegorra bilbotarrari Jan, errezatu eta maitatu pelikulan parte hartzea eskaini zioten Delhiko merkatu batera zihoanean.

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhitze Bizkarralegorra Indian bizi izan zen, baina momentu horretan bisitan zegoen bertan. Egoera sinestezina bizi zuen bilbotarrak Delhi Berriko merkatu baterantz zihoanean. Gazte batek Julia Robertsen Jan, errezatu eta maitatu azken pelikulan parte hartzeko aukera eskaini zion. Bizkarralegorrak ez zuen filmaketan parte hartzeko aukerarik izan; izan ere, egun horretan kanpoan egoteko asmoa zuen. Hala ere, Interneti esker 60 figurante inguru biltzea lortu zuen. Eszena Pataudin, New Delhitik gertu dagoen herrixkan, grabatu zuten.

Nola sortu zitzaizun Julia Robertsekin lan egiteko aukera?

Kasualitatez izan zen. Delhiko merkatu baterantz nindoan eta neska gazte batek autoa nire parean gelditu zuen. Hasieran, argibideren bat nahi zuela pentsatu nuen, baina Julia Robertsekin lan egitea eskaini zidan. Txantxetan ari zela uste nuen, baina filmaketaren paperak erakutsi zizkidanean egia zela ikusi nuen. Neska oso urduri zegoen; izan ere, asteazken arratsaldea zen eta filmaketa astelehenean bertan egin behar zuten. Azkenean, nik filmaketan parte hartzeko aukerarik izango ez nuen arren, kanpora joatekoa bainintzen, figuranteak lortzen laguntzeko nire burua eskaini nuen. Zein izan zen zure lana?

Indian atzerritarrak bilatzeko Sare bat dute. Gainera, Sare horretako moderatzaileetako bat ezagutzen dut eta bi iragarki jarri nituen kastingaren berri emateko. Parte hartzeko baldintzak hurrengoak ziren; atzerritarra, zuria, itxura onekoa eta 20-60 urte bitartekoa izatea. Grabatu behar zuten eszena pelikulako protagonistaren ezkontzarena izan behar zuen eta, hortaz, Ameriketako Estatu Batuetan girotu behar zuten. Azkenean, 60 pertsona biltzea lortu genuen, denek filmean parte hartzeko aukerarik izan ez zuten arren.

Nolakoa izan zen filmaketa?

Ni ez nintzen han izan, baina parte hartu zuten ezagun batzuek esan zidatenez, goizaldeko 3ak aldera etxeetara bila joan zitzaizkien eta egun osoan lanean aritu ziren. Egun osoagatik 1.000 rupia, 20 euro inguru, ordaindu zizkieten. Ordainketa sinboliko bat.

Eta nolakoa da Julia Roberts?

Oso serioa dela esan didate, baina oso ondo interpretatzen omen du. Egia esan, segurtasun neurri pila hartu zituzten. Zakarra izan zela esan zuten beste batzuek, baina jende mordoa gerturatu zen gertatzen ari zena ikustera eta kontuan izan behar da aktorea bere sendiarekin zegoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea