Elkarrizketak -
eitb.com-en elkarrizketa
'Nire zapatak Interneten saltzea nire ametsa errealitate bihurtzea da'
Zapata-trafikatzailea zapata garestiak prezio merkeagoan saltzeagatik ezaguna da Interneten. Orain, berak diseinatutako zapatak saltzen hasi da Zapata-trafikatzailea.
Erredakzioa
Jimmy Choo, Valentino, Rene Caovilla, Miu Miu, Lanvin, Prada... Zapata-trafikatzaileak diseinatzaile guztiak ditu kontrolpean. Sourbansochic.es bere blogean diseinatzaile handien zapatak prezio baxuagoetan saltzen ditu. Hala ere, hori ez da Zapata-trafikatzailearentzat nahikoa izan eta bere zapata-bilduma sortu du. Oraingoz, It Shoes izeneko proposamena hiru bota parek osatzen dute.
Nola hasi zinen Zapata-trafikatzaile izaten?Kasualitate hutsez izan zen. Apal pila Jimmy Chooren zapataz beteta zituen denda bateko biltegi batean izan nintzen eta bertan zergatik zituzten galdetu nuen. Aurreko denboraldietakoak zirela eta salgai jarri ezin zituztela esan zidaten. Nik argazkiak ateratzea eta nire blogean jartzea proposatu nien. Nire lagun blogarien artean saltzen hasi nintzen eta, astebete geroago, modako blogarien jardunaldietara joan nintzen, Madrilera. Bertara, zapata batzuk eraman nituen, maleta batean, eta Trajearen Museoaren aurrean nire dendatxoa jarri nuen. Handik egun gutxitara, blogariek Zapata-trafikatzailea izendatu ninduten. Ordutik, egoera bikainean dauden luxuzko etxeetako zapatak bilatzen jarraitu dut, denden stock-etan, eta, pixkanaka, eskaintza handitu dut.
Zergatik aukeratu dituzu zapatak? Zein dituzu nahiago, takoidunak ala takoirik ez dutenak?Maite ditut zapatak. Osagarri perfektua dira: nork bere gorpuzkera liraintzeko balio dute, ibiltzeko modua aldatzen dute eta apaindu ere egiten zaituzte. Denda batera joaten naizenean eta galtza batzuk probatzeko gogorik ez dudanean, zapatek itxura egokia ematen didate beti, kiloren bat sobera dudan axola gabe. Zalantzarik gabe, takoidunak ditut gogokoen, eta zenbat eta altuagoak hainbat eta gehiago, gainera.
Nori saltzen dizkiozu zapatak? Zenbatekoa izan daiteke beherapena?Zaintzea gustuko duten estilo handiko emakume boteretsuak dira nire bezeroak. Marka horien denboraldiko zapatak erosi ezin dituzten emakumeak dira batzuk, eta beste batzuek, berriz, ez dute hainbeste diru gastatu nahi. Badira nire zapatekin maitemintzen direnak, zein etxetakoak diren gorabehera. Zapatak saltzeko onartzen dudan gutxieneko beherapena % 50 da eta gehienekoa, ordea, % 80. Horrelako beherapenekin, diseinatzaileek zein etekin ateratzen duten ikusten dugu.
Etorkizunera begira, zer egin nahi duzu zure negozioarekin?Nire marka sortu dut: It Shoes. Nire lehen botak diseinatu ditut: ibiltzeko bota batzuk, landako bota motz batzuk eta landako bota batzuk. Oso sinpleak dira, klasikoak, armairuan izan behar ditugun oinarrizko zapata horietakoak. Bezeroek eskatuta egiten ditut bakarrik, eta mandatua egiten duenak larru mota eta kolorea aukeratu ditzake. Horrez gain, osagarriak ere diseinatzen ari naiz eta, horrela, bezero bakoitzak erositako zapatekin konbinatzeko aukera izango du. Nire helburua kalitatezkoak, erosoak eta prezio onekoak diren zapaten bilduma polit bat egitea da.
Eta zure negozioa Interneten egiten duzu...Dendetan nire zapatekin txoko bat jartzeko proposamenak izan ditut, baina, ondo pentsatu ostean, Interneten bakarrik salduko ditudala erabaki dut; izan ere, prezio egokiei eusteko modua da, alokairurik eta bitartekaririk behar ez delako. Nire bezeroen % 65ek berriz ere erosi dutela esan dezaket, harro. Zapata-trafikatzailearen erosleak izaten hasi ziren eta, orain, It Shoes ere kontsumitzen dute, kontzeptua zertxobait desberdina izan arren.
Zergatik sortu duzu zure bilduma?Nik kontrolatzen dut ekoizpena. Porton bizi naiz eta, zorionez, zapata fabrika onenak hemen daude. Horietako askok merkatuan prezioak bikoizten eta hirukoizten dituzten diseinatzaile handientzat lan egiten dute. Duela gutxi, Londresen izan naiz inspirazio bila, eta zapatak non egiten dituzten ikusi dut (nire konpetentzia ezagutu dut). Harrituko zinateke marka batzuek, kalitate gutxikoak izan arren, merkatuan jartzen dituzten prezioekin.
Nolakoa izan da orain arte esperientzia?Nire irakurleei beti esaten diet behar duten guztia galdetzeko; izan ere, bakoitzak bere oinak ditu eta, horiekin, zalantzak eta arazoak. Nire lanbidea bilakatzen ari den hau ikaragarri gustuko dut, telebistako produkzio eta publizitate sailean lanean hasi nintzen arren: publizitateko jantzien estilista naiz. Orain, ia 24 orduz konektatuta bizi naiz, bloga berritzen, etiketak aukeratzen, zein larru erabiliko ditudan erabakitzen, hornitzaileak bilatzen... baina oso pozik nago, nire ametsa errealitate bilakatzen ari naiz eta. It bags bilduma noiz kaleratuko dudan galdetzen didaten mezuak jasotzen ditut dagoeneko, baina nik hau erantzuten diet beti: "Presak inoiz ez dira onak".