Elkarrizketak -
eitb.com-en elkarrizketa
'Londresen Athleticeko zaleok dugun lagunartea biltzeko gune bat da'
Athleticeko zale hauen esanetan, "partidak Bilbon egongo bagina bezala bizi ditugu, baina Poza Lizentziatuaren kaleko taberna batean izan ordez, pub ingeles batean gaude".
Amaia Akordagoitia
"Zer egin dezakezu zure futbol taldea ikaragarri gustuko izan arren, talde horren zelaitik urrun bazaude?". Hori da, beharbada, lau gazte ekintzaile hauek pentsatu zutena; izan ere, San Mamesetik 1.500 kilometrora izan arren, Londresen kirol-lagunartea sortzea erabaki dute. Salvador Acha "Txabita", Imanol Olazarri, Carlos Astigarraga eta Gaizka Elordi dira gazte horiek, eta lanean eta ikasten ari dira Londresen. Mr. Pentland Athletic izena jarri diote lagunarteari eta zuzendaritzako kideak dira. Athleticeko zale hauek, Facebooken bitartez, gustukoen dituzten bi koloreak hedatzen dituzte Sarean: gorria eta zuria.
Zergatik sortu zenuten lagunartea?Aspalditik buruan genuen ideia bat zen. Athleticeko partidak ikusteko biltzeko ohitura dugu, eta hemen taldearen lagunarterik ez zegoela ikusita, guk bat sortzea polita izango litzatekeela pentsatu genuen. Ideia horrekin aurrera jarraitzeko erabakia larunbat gau batean hartu genuen, pinta batzuk hartzen ari ginela.
Nola bizi da Athleticeko zale bat Londresen? Eta zer gertatzen da beste zale batzuekin elkartzen denean?Londresen Athelticeko jarraitzaile bat izatea polita da, futbola gustuko duten ingelesek taldea pixka bat ezagutzen dutelako eta beraiekin horri buruz hitz egitea erraza delako. Gainera, hemen, Londresen, Bartzelonako edo Real Madrileko zaleek harrituta begiratzen gaituzte Athleticeko zale amorratuak garela ikusita, baina giro polita izaten da beti.
Facebooken ere profila sortu duzue. Zergatik?Jakina da Facebookek antzeko interesak dituzten pertsonak elkartzeko erabili ohi dela. Horregatik, lagunartearen profila lehenik eta behin taldea ezagunen artean promozionatzeko eta, ondoren, gainontzekoen artean ezagutzera emateko sortu genuen. Londresen bizi diren edo bisita egitera etorri diren Athleticeko jarraitzaile guztiak Mr. Pentland lagunartearekin partida ikustera etortzea nahi dugu. Facebookeko kontuak arrakasta handia izan du; hilabete bitan 200 lagun hurbildu dira guregana gure ekintzen berri galdetzen.
Sarearen bitartez, kide berririk egin duzue?Oraingoz, Bilboko bi kide berri ditugu. Facebookeko kontuari eta Aupaathletic.com webgunean egindako promozioari esker ezagutu gaituzte. Baina denborak aurrera egin ahala, lagun gehiago batzea espero dugu.
Zein da zuen lagunartearen helburua?Helburu nagusia Athleticek Britainia Handian zale elkarte ofiziala izatea da. Gure lagunartea Athleticeko zaleentzat eta, oro har, euskaldunentzat biltzeko gune bat bihurtu nahi dugu. Aurrera begira, gure xedea zaleen ligaren batean gure taldearen koloreekin jokatzea da.
Noiz biltzen zarete?Athleticek jokatzen duen bakoitzean biltzen saiatzen gara. Astero partida non ikusi dezakegun bilatzen dugu. Facebooken eta Athleticen foroan egiten dugu deialdia. Salvador Acha laguna (Mexikon jaioa) dugu partida zein tabernatan ikusiko dugun iragartzeko arduraduna. Horri esker, elkartzen garen bakoitzean Londresera egun batzuk igarotzera etorri diren Athleticeko zale batzuen bisita izaten dugu, Interneteko bilatzailean "Athletic partida Londresen" jarrita gurea lehen aukera gisa agertzen baita.
Zer sentitzen da Athleticen partida bat Londresen ikustean?Londresen izan arren, partidak Bilbon edo Bizkaian bizi diren pasio berarekin bizi dira. Alde bakarra dago: Poza Lizentziatuaren kaleko taberna batean ikusi beharrean, Londreseko ohiko pub batean ikusten dugu. Bilbon egongo bagina bezala animatzen dugu taldea, 1.500 kilometrotara egon arren. Aupa Athletic Forever! Athletic Beti Zurekin! Peña Mr. Pentland Athletic Club Bilbao – London UK.