Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

EAEko desagerpenen % 98,1ek bukaera zoriontsua dute

2009an, 2.083 pertsona desagertu ziren, Euskadin, eta horietatik 1.500 adin gabekoak ziren. Herrizaingo Sailak adierazi duenez, desagertutako adin gabekoen gehiengoa tutoretzapeko gazteak izaten dira.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren hasieran izan zen Zornotzako hamabi urteko haurraren kasua bezalakoak ez dira ohikoak Euskal Autonomi Erkidegoan. Horrela baieztatu du Herrizaingo Sailak eta 2009an, guztira, 2.086 pertsona desagertu zirela zehaztu du. Horietatik, ia kasu gehienak, % 98,1, argituak izan ziren. 1.555 salaketa adin gabekoen desagerpenengatik izan ziren, baina horiek ere ia gehiengo batean argitu zituen Ertzaintzak.

Hala ere, zaila da poliziaren artxibategian desagertuak bezala azaltzen diren pertsonen kopuruari buruz estatistika fidagarri bat egitea, izan ere, "batzuetan ez dira agerpenak jakinarazten eta kasuek era fiktizio batean irekia jarraitzen dute".

Desagertuen kopurua kezkagarria izan daiteke, izan ere, batezbestekoa egunean lau desagerpenetakoa da. Hala ere, "kontuan izan behar da kasuen erdia tutoretzapeko gazteak izaten direla. Bizi diren zentroetatik alde egin eta normalean orduetara edo egunetara itzultzen dira. Horrez gain, pertsona horiek urtean behin baino gehiagotan desagertzen dira", azpimarratu du Herrizaingo Sailak.

Desagertzeko arrazoiak, orokorrean, "babespeko etxebizitzetan ez egokitzea, senideekin edo tutoreekin eztabaidak izatea edo ikasketekin arazoak izatea" izaten dira.

Kasu bakoitza bakarra da

Kasu bakoitzean Ertzaintzak martxan jartzen duen protokoloa desberdina da. "Salaketa bakoitza desagertuaren profilaren, adinaren, senideen eta lagunen, ohituren... arabera bereizten da", azaldu dute Herrizaingo Sailekoek.

Horrez gain, "orokorrean, hirigunean ez da operazio berezirik martxan jartzen, baina gertakariaren arabera, Ertzaintzak agindutako guneetan zaingoa areagotzen du". Horretarako, desagertutako pertsonari buruzko informazioa euskal Poliziaren baliabide guztien eta udaltzaingoen artean banatzen da. Horrez gain, beharrezkoa izanez gero, Estatuko Segurtasun Indarrei ere ematen zaie. "Amorebietako adin gabekoaren kasuan, desagertutakoaren adinagatik eta eragindako alarmagatik, hasieratik behar izan ziren baliabide guztiak erabili ziren", argitu dute. Baliabide horiek guztiak Eurko Jaurlaritzako Larrialdietako Teknikari batek koordinatzen ditu.

Teknologia berrien ekarpena

Teknologia berriek informazioa azkarrago hedatzea ahalbidetzen dute eta, horrela, komunikabide digitaletan lehenbailehen azaltzen da. "Irratiek eta telebistek hedapen handia ematen diete mota honetako kasuei. Horrela, herritarrek egiten ari garen lana ezagutzen dute eta SOS Deiaken 112 telefonoaren bitartez laguntzeko aukera dute. Zornotzako kasuan, horrela gertatu zen eta adin gabekoaren bilaketan lagundu zuten herritarrak ere izan ziren. Internetek ere argazkiaren hedapenean laguntzen du eta horrek ere bilaketa errazten du", azaldu dute Herrizaingokoek.

Horrez gain, Barne Ministerioak desagertuei buruzko Estatu osoko datu base bat martxan du eta Ertzaintza Ministerioarekin batera lanean dabil informazio hori koordinatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea