Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Nola nabigatzen dute itsuek Interneten?

Webguneen erabilerraztasuna itsuek Interneten arazorik gabe nabigatzeko oztopo bat da oraindik ere. ONCEk Sarea denon eskura izateko lan egiten du.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikusmen arazoak dituzten pertsonek oztopoz betetako bizi bati aurre egin behar diote. Teknologia berriak eta Internet ez dira salbuespen bat. Horregatik, ONCEk informatika eta Internet itsuentzat erabilerrazagoak izateko lan egiten du.

Internetek geroz eta eduki gehiago eskaintzen ditu, baina horietako asko ikusi beharrekoak dira eta, hortaz, ikusmen arazoak dituzten pertsonek ezin dute Sare guztia erabili.

Oztopoei aurre egiteko programa informatikoak asko hobetu dira azken urteetan, baina ezinbestekoa da webguneetako programatzaileek eta diseinatzaileek Internetek izan ditzakeen erabiltzaile guztiak kontuan izatea.

Tifloteknologia

Tifloteknologia erreminta hauek itsuentzat moldatzen dituen teknologia da.

Ikusmen arazoak dituzten pertsonen kasuan, ZoomText programarekin irudiak edota hizkiak gerturatu eta handitu ditzake erabiltzaileak. Horrez gain, koloreak eta kurtsorearen itsura ere aldatu ditzake, besteak beste. "Helburua pantaila eta bertan azaltzen diren elementu guztiak erabiltzailearentzat ahalik eta erosoenak izatea da", adierazi dute ONCEk Donostian duen egoitzako tifloteknologia gelako arduradunek.

Guztizko itsutasuna dutenak ordenagailuaren aurrean jartzen direnean, behar duten gauza bakarra teklatua da.

"Kasu hauetan Jaws izeneko programa bat erabiltzen da. Programa horrek ordenagailuaren monitorean dagoena irakurtzen du", azaldu dute. Horrela, Word dokumentu batean adibidez, programa "Archivo" hitzetik hasiko da eta pixkanaka goiko menu guztiak irakurriko ditu. Ondoren, testura joko du. Gainera, teklatuak azpialdean braille lerro bat du, itsuak programak irakurtzen duena beste modu batean ere jaso dezan.

Interneten sartzen direnean, programak berdin lan egiten du. "Zenbait laburdura ez dira oso ulergarriak izaten. Adibidez, eu jarri beharrean, Euskera jarriko balute, hitza identifikatzea errazagoa izango litzateke", argitu dute teknikariek.

Diseinua lehentasuna izan behar da

Webgune bat ahalik eta erabilerrazagoa izateko oso garrantzitsua da bere diseinua. "Jaws programak goiburukoak eta estekak identifikatzen ditu. Hortaz, itsu batek Googleko bilaketa bateko lehen hamar emaitzak irakurtzeko behar duen denbora ikusmen arazorik ez duen pertsonak batek behar duena baino askoz ere gehiago da".

Horregatik, webgunea goiburu gutxitan banatzea eta egin daitezkeen gauza guztiak ondo deskribatzea garrantzitsua da: "Itsuak Interneten nabigatzen ari direnean aurkitzen dituzten oztopoen adierazgarri dira bideoak. Erreproduzitu jartzen duen botoirik ez badago, programak ez du identifikatuko eta hortaz erabiltzaileak ez du bideo bat dagoenik jakingo".

Euskadiko ONCEko arduradunak baikorrak dira eta azken urteetan webguneen erabilerraztasuna hobetu dela uste dute. Hala ere, "lanean jarraitu behar da eta itsuek dituzten oztopoak ezagutu behar dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea