Erreportajeak -
Eitb.com-en erreportajea
Enplegu-webguneak, lana bilatzeko beste aukera bat
Langabetuen kopuruak gora egiten duen heinean, geroz eta hautagai gehiago topatzen ditugu lan-eskaintza bakoitzeko. Internet lana bilatzeko bide berri bat bihurtu da.
Amaia Akordagoitia
Lan merkatuak gaur egun bizi duen egoerak lana bilatzeko itxaropenik ez izatea eragiten du. Langabezia tasak gora egiten duenean, lana topatzeko aukera geroz eta txikiagoa dela dirudi. Horregatik, enplegua bilatzeko orain arte erabilitako erremintei beste berri batzuk batu zaizkie. Orain, egunkarietako iragarkiei, Enpleguko Institutu Nazionalaren bulegoari eta curriculumak bidaltzeari, Internet batu zaie. Izan ere, Sarean enplegu-webgune ugari bisitatu ditzakegu.
Consumer Eroski portalak Interneten gehien erabiltzen diren lan-webguneen ikerketa bat egin du. Emaitzek Sarea lana bilatzeko modu berri bat izan daitekeela adierazi dute. Hala ere, egoera batere motibatzailea ez dela ondorioztatu dute.
6 milioi erabiltzaile, 2009an
Lana Interneten bilatzearen abantailak hiru dira: "merkeagoa eta azkarragoa da eta sistema tradizionaletan baino eskaintza gehiago dago". Gaur egun, erabiltzaile askok hautatzen dute bide hau. Iaz, 6 milioi pertsonek baino gehiagok erabili zuten.
Ikerketan, Consumer Eroskik Interneten webgune arrakastatsuenetako lau aztertu ditu: Infojobs.net, Trabajar.com, Monster.es eta Infoempleo.com. Infojobs.net hoberen baloratu dutena izan arren, zerbitzuak hutsuneak ditu: "Ikerketa garaian jasotako lan eskaintzen erdiak baino gutxiagok bakarrik betetzen zuten hautagaien profila".
Horrez gain, kontuan izan behar da horrelako webguneetan hautagaiari bere profilarekin bat datozen lan eskaintzak bidaltzen zaizkion arren, "enplegua topatzeko bilaketan arrakasta ziurtatzen ez" dutela.
Ikerketak azpimarratzen duen beste alderdietako bat "curriculumean informazio gehien biltzen duten erabiltzaileek, eskaintza gutxiago jasotzen dituztela". Datu deigarria da orain arte "prestakuntza gehien zuten pertsonak zirela webgune hauetako bezero nagusiak". Hala ere, krisiarekin eta Interneteko sarbidearen zabalkuntzarekin Sarean dabilen jendearen kopuruak gora egin du eta webgune hauek lana bilatzeko erreminta erabilgarriak bihurtu dira.
Estatistiken arabera, "lana bilatzeko Internet erabiltzen duten 18 eta 24 urte bitarteko gazteen kopuruak ere gora egin du, baina ez dira eskaintza gehien jasotzen dituzten erabiltzaileak". Interneten lan bila nabigatzen dute emakumeen kopurua ere areagotu da.
Konpetentzia gehiago
Langabetu gehiago dagoen heinean, zailagoa da lana topatzea, izan ere, hautagai gehiago aurkezten dira lan eskaintza berera eta, hortaz, lehia handiagoa da. Horregatik, Monster.es portalak norgehiagoka horri aurre egiteko eta enplegua lortzeko dekalogo bat proposatu du.
Lehenik, ezinbestekoa da enplegu webguneetan jardutea. "Profila sartzearekin, curriculuma enpresa guztien eskura jartzen du webguneak", adierazi dute.
Bestalde, lana bilatzea berez lan bat dela gogoratu dute eta "emaitzak izateko denbora eta esfortzua eskaini behar" zaizkiola azpimarratu dute. Horrez gain, lan merkatua ezagutu behar da, nola funtzionatzen ari den badakigu, aukerak antzematea errazagoa izango da.
Gure prestakuntza eguneratzea edo "beste hautagaien aurrean desberdinduko gaituen ikastaro berriak egitea" egokia izango litzateke.
Hala ere, "lana bilatzeko jarrera baikorra ezinbestekoa da".&' || 'nbsp;