Erreportajeak -

Eitb.com-en errerpotajea

"Mendiari errespetua galdu diogu"

Planifikazioa eta prebentzioa ezinbestekoak dira, Euskal Mendizale Federazioaren ustez. 2010eko lehen lau hilabeteetan EAEko 12 mendizale hil dira; iaz, epe berean, 4 hil ziren.

M. Gimenez/A. Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal mendizaletasuna sasoi beltza izaten ari da aurten urte hasieran. Nahiz eta kirol mailan lorpen handiak eskuratu, Edurne Pasabanek eta Juanito Oiartzabalek besteak beste, lanbide moduan baino gehiago mendira igotzea zaletasuna dutenen artean, urtea ez da batere ona izaten ari.

2010aren erdia ere igaro ez den honetan, dagoeneko 12 dira hil diren euskal mendizaleak, aurreko urteko epe berean halako hiru.

"Aurten eguraldi aldakorra nagusi izan da eta, hortaz, elur-jausi arrisku gehiago izan da. Kontuan izan behar da biktimetako bost elur-jausi baten ondorioz hil direla", azaldu du Antxon Burcio Martinek, Euskal Mendizale Federazioaren zuzendari teknikoak.

Arazoa, Burcioren ustez, "jendeak mendiari errespetua galdu" diola da. Gaur egun informazio asko jaso dezakegun arren, "kontsultatzen ez dutela edo seriotasunarekin hartzen ez dutela dirudi", gaineratu du.

Prebentzioa eta planifikazioa

Mendira joan nahi duen jendeari "irteera planifikatzea eta prebentzioa" gomendatzen die zuzendari teknikoak. Hau da, "mendiaren ezaugarriak, baldintza meteorologikoak, ingurunea ezagutzea, urteko garaia kontuan izatea (negua, uda...) eta irteteko eta itzultzeko aurrikusi ditugun orduak kontuan izatea".

Zentzu horretan, Euskal Mendizale Federazioak bere federatuei mendian ibiltzeko teknika desberdinak ikasteko ikastaroak antolatzen ditu. "Aspalditik eskaintzen dugun zerbitzu bat da", gogoratu du teknikariak. Hala eta guztiz ere, "menditik segurtasunarekin ibiltzeko oinarrizko arauak ezagutzeko ikastaroak ere izaten dira".

"Ezbehar bat gerta daiteke, baina beti da hobe zer egin behar den jakitea", gaineratu du adituak.

Urte beltza euskal mendizaleentzat

Iazko 2009 hasieratik maiatzaren 19ra arte lau pertsona hil ziren mendian, aurten baino hiru aldiz gutxiago.

Aurtengo urtea gaizki hasi zen euskal mendizaletasunarentzat, urtarrilean Txomin eta Santiago Eugi eta Unai Perez mendizale nafarrak hil ziren Huescan elur-jausi baten azpian harrapatuta, horixe gertatzeko arriskua handia zen eremu batean.

Hil horretan bertan, Palentziako probintzian dagoen Curavacas mendian 35 urteko Juan Jose Rodrigo Prieto eta 26 urteko Daniel Rodrigo Prieto Bilboko bi anaiak hil ziren.

Otsailaren 22an Armando Nieto eta Alfonso Gonzalez mendizale nafarrak desagertu eta hil ziren Frantziako Pirinioetan, Lescun inguruan.

Bost egun geroago, Atxarteko harrobiaren parean, Abadiñon, 35 urteko mendizale baten gorpua erreskatatu zuten.

Gipuzkoan, Udalatx mendian, Arrasateko espeleologia elkarte bateko kidea hil zen. 19 urteko gizona maldan behera erori omen zen.

Anbotoko Infernuko Zubi arriskutsutik pasatzen ari zen mendizale bat hil zen martxoaren 1ean.

Duela gutxi, iragan maiatzaren 17an, Ordiziako 37 urteko gizonezko bat hil zen Europako mendietan eta aurtengo hamaikagarren biktima bilakatu zen.

Atzo, berriz, orain arteko azken biktima, 12.a, aurkitu zuten Iurretako Mugarra mendian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea