Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Udako oporretan aurrezteko eta ez aspertzeko proposamenak

Bidaia planifikatzea eta beharrezkoa dena bakarrik gastatzea ezinbestekoak dira. Hala ere, Interneti esker euro gutxigatik oporraldiaz gozatzeko aukera mordoa dugu.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguneroko gastuei aurre egiteko zailtasunak badituzu, zure lagunek beraien opor zoragarriei buruz hitz egiten badizute... Zuk ere zure oporretaz gozatzeko aukera izan dezakezu. Hala ere, gastuak murriztu behar direnean, egokiena bidaia planifikatzea eta ahalik eta gutxien erostea da. Internetek aukera desberdinak eta merkeak eskaintzen ditu. Horien artean da luxuzko etxe baten zaindaria izatea.

Lehenik eta behin, bisitatu ditzakezun helmugak zehaztu behar dituzu. "Merkeagoak diren beste batzuengatik ordezkatu daitezkeen gastuak kontuan izan behar dira", gomendatzen dute consumer.es webgunean. Planifikazioarekin eta buru-argitasunarekin oraindik ezagutzen ez duzun eta etxetik gertu dagoen lekuren bat topatuko duzu eta, horrela behintzat, joan-etorrietan aurreztuko duzu. Gainera, "eskaintzak alderatu, gastuak aurrikusi eta hainbat kontsumo ohitura aldatu beharko dituzu". Hala ere, ez zaitez estutu, gastatu dezakezuna kalkulatzea baita gakoa. Pausu hauek guztiek oporrak merketzeko balio dute.

Planifikazioa eta buru-argitasuna

Gomendagarria da tendentziak alde batera uztea, hau da, oso turistikoak diren lekuak baztertzea, izan ere, garestienak izaten dira. Hondartza gustuko badugu, "aldenduak dauden, txikiak diren eta herritar gutxi dituzten" lekuak aukeratzea da egokiena. Bestela, uda garaian hain erakargarria ez izan arren, barnealdera joateko aukera dugu. Bertan, aukera zabalagoa da eta, askotan, merkeagoa.

Hala eta guztiz ere, helmugarik egokiena topatzea bezain garrantzitsua da "gure aurrekontua txikituko ez duen" ostatu hartzeko lekuren bat topatzea. Horregatik, "izar kopurua eurotan itzultzen dela, apartamentuetako hotelak jende gehiagorekin edo familiarekin bidaiatuz gero aukera merkeagoa direla, edo hamabost egunerako edo hilabete osorako alokairuak ere aukera egokia izan daitezkeela gogoratu behar dugu". Bestela, doako alokairua hautatu dezakegu. Hau da, lagun batzuen etxera joan zaitezke (haiek ere zure etxera), adibidez.

Hartu-emaneko oporraldia

Azken urteetan, turismo alternatiboarentzat benetako plataforma bihurtu da Internet. Orain, krisiak estutzen gaituenean, lekuz aldatu nahi arren, etxe bateko erosotasuna estimatzen dugu.

Ideia hori da, hain zuzen ere, Spainlink.net webguneak proposatzen diguna. "Hartu-emana egiteko eskaintza argitaratzen denean, interesatuak dauden kideak zurekin harremanetan jarriko dira. Zuk ere interesatzen zaizkizunekin gauza bera egin ahalko duzu", azaltzen du webguneak.

Hala ere, "hartu-emana egiteko modu desberdinak daude. Orokorrean, gure kide gehienek hartu-eman tradizionala egiten dute (zu eta zure sendia besteen etxera joatea, eta haiek zuenera)", argitu dute ekimenaren arduradunek.

Horrelako hartu-emanak egiteko beste wegune bat Intervac-homeexchange.com da. Gaur egun, gure etxea ezezagun bati uztea zaila egiten zaigu, baina besteenak ikusiz gero, egun batzuetarako New Yorkeko edo Pariseko herritar izateko gogoa piztuko zaizu. Gainera, hogeita hamar urteko ibilbideak esperientzia baikorra dela baieztatu beharko luke.

Luxuzko etxe bateko jauna

Diru gutxirekin urrun dauden helmuga horiek bisitatzeko beste aukera bat ere topatu dugu. Luxuzko etxe bateko etxezain izatea proposatzen dizute caretaker.org, housecarers.com, housesitworld.com (Europan ere eskaintzak daude) eta sabbaticalhomes.com bezalako webguneek.

Lekua ezagutzeko

Sareak erabiltzaile arruntek sortutako gidak ere denon eskura jarri ditu. Horrela, betiko gida konbentzionalak erabili ordez, ezezagunen informazioa erabiltzea hobesten duen tendentzia sortu da.

Portal horien artean 11870.com aipatu dezakegu. Bertan, erabiltzaileek edozein hiritako lekurik gustukoenak gomendatzen dituzte: tabernak, arte galeriak, dendak, parkeak... Hau da, beste edozein gidak egingo lukeen bezala, baina era pertsonalago batean. Izan ere, liburudendatan erosten dituzten gidak "eguneratu gabe" daudela uste dute horrelako portaletako erabiltzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea